Dantza egunak Lazkaon
Oin Arinek Valentziako Alcalans dantz taldea gonbidatu du, eta larunbatean egun osoko festa eta emanaldi sorta prestatu dute. Igandean, Dantzari Txiki Eguna ospatuko da, sei talderekin.
Dantzari emandako asteburua dator Lazkaon. Larunbaterako eta iganderako, bi ekitaldi antolatu ditu Oin Arin dantza taldeak. Lehenbiziko aldiz, Herrialde Katalanetako dantza talde baten bisita hartuko du herriak, etzi.
Montserrat herriko (Valentzia) Grup de Danses Alcalans taldea gonbidatu dute. Montserrat, Real eta Montroi herriek osatzen duten Alcalans bailarako musika eta dantza tradizionalak lantzen, mantentzen eta zabaltzen ditu taldeak. 2017ko urrian sortu zuten, Montserrateko El Castellet faila antolatzen zuen lagun multzo baten ekimenez eta bertako folklorea iraunarazteko helburuarekin.
Dantzariekin batera, Honorat Gil atabal eta dultzaina taldeko musikariak etorriko dira.
Egun osoko egitaraua
Larunbat goizean dantza mintegi edo ikastaro bat egingo dute, lehenbizi, bi taldeetako dantzariek. Arerian, 10:00etatik 12:30era ariko dira. Udalak harrera egingo die ondoren, 13:30ean, udaletxean. Bazkaria 14:15ean dute, eta arratsaldean eskainiko dituzte ikuskizunak.
Areria kulturgunetik plazara desfilea egingo dute, 18:00etan. Oin Arinek eta Alcalans taldekoek parte hartuko dute, Jotake Lazkaon joaldunekin batera. 18:30ean, plazan emanaldia eskainiko dute, eta 19:30ean erromeria eta talo-jana hasiko dira.
Igandean, dantzari txikiak
Euskal dantzen txanda izango da igandean. Dantzari Txiki Egunean sei taldek parte hartuko dute. Oin Arin, Aurtzaka (Beasain), Amets Bide (Ordizia), Irrintzi (Zumarraga), Tobera (Zegama, Segura, Zerain, Mutiloa) eta Berriztasuna (Portugalete).
Igandean 10:30ean plazan elkartu, mokadutxo bat jan, eta 11:00etan kalejiran abiatuko dira, bi mulzotan banatuta. Plazan 13:00etan elkartuko dira berriro, zazpi dantzako saio bateratua edo alardea egiteko. Bazkaria (14:00) plazako frontoian emango diete denei, eta 16:30ean Ttipika taldearekin dantza gidatuak dituzte, 18:00ak arte.