Burdinola eta Doinua elkarlanean aurten ere, San Migel baseliza berriz ere musikaz betetzeko
Igandean izango da kontzertua, 12:00etan, eta eskolako ikasle helduen haize, gitarra eta kantu taldeek parte hartuko dute. Astean zehar ikasturte amaierako emanaldi ugari izango dira.
Burdinola elkarteak eta Doinua musika eskolak bat egingo dute aurten ere San Migel baselizan urteroko kontzertua eskaintzeko. Musika emanaldia igandean izango da, hilak 18, 12:00etan, eta kontzertu horretan musika eskolako ikasle helduek joko dute, hain zuzen, haize taldeak, gitarra taldeak eta kantu taldeak.
Doinuak, bestalde, aurrera jarraitzen du ikasturte amaierako kontzertuekin, eta gaurko Iker Pirisen gitarra ikasleen emanaldiaren ondoren, beste zortzi izango dira astean zehar: bihar asteartea, 18:00etan, pianoa Agirre-etxeberriko areto handian, eta 19:00etan saxofoi eta klarinetea Latxartegi aretoan; etzi, 18:00etan, zeharkako txirula eta 19:00etan pianoa, biak Agirre-etxeberriko areto handian;ostegunean, 17:30ean, haizea eta metala, Agirre-etxeberri parkean, eta 19:00etan, txistua, plazan, Oilar Jokoan; eta ostiralean, 18:00etan gitarra Latxartegin eta 19:00etan perkusioa, eskolako parkean.