Gaztetxoen judo eta jiu jitsu jaialdia eta gerriko beltza lortzeko azterketak, denboraldi «gazi-gozoa» ixteko
Talde tekniko berrituarekin ekingo dio hurrengo denboraldiari Legazpiko klubak. Defentsa pertsonaleko taldeak sortu nahi ditu.
Judo Legazpi klubak bi hitzordu garrantzitsurekin amaituko du 2022/23 denboraldia asteburuan. Larunbatean, hilak 17, kurtso amaierako jaialdia egingo dute klubeko kidegaztetxoenek, eta igandean, hilak 18, Jiu Jitsuko gradu azterketak egingo dituzte Legazpin bertan.
Larunbateko jaialdian klubeko kide gazteenek ikasturtean zehar ikasitakoa erakustsiko dute familiakoen eta lagunen aurrean. Saio horretan zehar judo, jiu jitsu eta defentsa pertsonaleko erakustaldiak ere egingo dituzte judoka helduagoek. Bikuña kiroldegian izango da, 09:30ean hasita.
Bestalde, igandeko 10:30etik aurrera, jiu jitsuko gradu azterketak egingo dituzte toki berean, publikorik gabe, eta bertan klubeko Iñigo Calzadak, Asier Larrañagak, Damian Velak eta Seth Willisek gerriko beltzaren lorpena izango dute jokoan.
Denboraldi «gazi-gozoa»
Amaitzear dagoen hau denboraldi «gazi-gozoa» izan dela azaldu dute Judo Legazpiko arduradunek. «Gozoa» izan da, «erkidego mailan emaitza paregabeak» lortu dituztelako haur eta kadete mailetan. Haur mailan, Iñigo Arakamak eta Aratz Masedak urrea irabazi zuten, eta Urko Osinaldek, Alfredo Suarezez, Igor Fernandezek eta Aiur Berasategik zilarrezkoa. Kadeteetan, Endika Perez de Arenazak urrea irabazi zuen, eta Ruben Calvok brontzea. Emaitza horiek «izugarri gustatu» zaizkiela nabarmendu dute judo klubekoak, haur mailako urreek Espainiako txapelketan parte hartu zutelako, «eta hori oso zaila da».
Aipagarria izan zen, baita ere, Legazpiko Herriko torneoaren bigarren edizioa, «arrakasta handia» izan zelako, 100 kirolari baino gehiagoren partaidetza lortuta.
Puntu «gazia», berriz, lesioek jarri dute. Lesioen erruz, Hodei Urriza, Xabier Parra, Luken Calzada, Ibai Gil eta Markel Vesga ezin izan dira judoko gradu azterketetara aurkeztu, «hamar hilabete oso gogor lanean aritu eta gero». Aurtengo azaroan edo abenduan izango dute berriz ere aukera.
Hurrengoa, sorpresekin
Hurrengo denboraldia «sorpresaz betea eta hainbat aldaketekin» datorrela iragarri dute. Hasteko, talde teknikoa berritu dute. Asier Berasategi izango da arduradun nagusia Haritz Baztarrika, Jon Aldabaldetreku, Manez Uranga, Iñigo Calzada eta Aitor Alberdiren laguntzarekin. Instalazioak, berriz, ez dituzte aldatu, eta kiroldegira itzultzeko gogoz badaude ere, Haztegi ikastolako gimnasioan jarraituko dute.
Ikasturte berrirako helburuetako bat defentsa pertsonaleko taldeak sortzea da, «nahi duten guztiei zuzendutakoak». Irakasle titulatuek emango dituzte, eta 13 urtetik gorakoentzat izango dira. Bestela, talde guztien ordutegiak ikusgai jarriko dituzte www.judolegazpi.com webgunean.
Kirol mailan, azkenik, hainbat helburu ezarri dituzte: gerriko beltzen lorpena; erkidego mailan haur, kadete eta junior mailako emaitza onak eta Espainiako txapelketetarako sailkapenak lortzea; Legazpiko Herria torneoaren hirugarren edizioa antolatzea; eta Espainia mailako judo eta ji jitsu torneo desberdinetara joatea, «esperientzia eta emaitzak» pilatzen joateko.
Judo Legazpiko kideek kirol hori probatzeko gonbita luzatzen diete legazpiar guztiei.