Ilintxak eta La Sallek bihar ospatuko dute denboraldi amaiera
Bi klubetako kirolariek taldeko argazkia aterako dute 12:30ean, plazan. Bazkalondoan berriz elkartuko dira, festarekin kalean jarraitzeko. Andraitzek hurrengo larunbatean ospatuko du denboraldi amaiera.
Urtero bezala, festa giroan amaituko dute denboraldia Legazpiko kirol klub handienek. Bihar Ilintxa futbol elkartearen eta La Salle eskubaloi klubaren txanda izango da, eta hurrengo astean, hilaren 24an, Andraitz saskibaloi klubak ospatuko du denboraldi amaierako festa.
Ilintxak eta La Sallek elkarrekin ospatuko dute biharko festaren zati handi bat. Hasteko, 12:30ean egin dute hitzordua plazan bi elkarteek, azken urteetan bezala taldeko argazkia ateratzeko. Kirolari ugari elkartuko dira argazkirako, bakoitza bere klubaren kamiseta jantzita. Ondoren, musikaz alaitutako poteoa egingo dute.
Bazkariak, bakoitzak bere aldetik egingo dituzte bi klubek. Ilintxak Aitxuri jatetxean egingo du, eta La Sallek Laubiden. Eskubaloikoek oroigarriak banatuko dituzte bazkalondoan, besteak beste, denboraldian zehar gol gehien sartu dituzten jokalariei, eta gehien nabarmendu jokalari zein entrenatzaileei.
Arratsaldean berriz elkartuko dira kirolariak kalean, eta festak gauera arte iraungo du.