Julen Oriak irabazi du Oilar Jokoa
Hamasei gaztetxok eman zuten izena parte hartzeko, eta Oria zazpigarrena zen. Bi minutu inguru behar izan zituen udaletxe azpitik oilarra zegoen lekuraino iristeko.
Julen Oria gaztetxoak irabazi zuen atzo Oilar Jokoa Legazpin. Bi minutu ingurutan egin zuen udaletxe azpitik oilarra zegoen lekura arte lurrean markatutako bide bihurria. Begiak itxita zituen, Oilar Jokoko ezpata zeraman soinean, eta Goiz Deia txistulariek inguratzen zuten, Tranka-tranka doinuarekin. Txistularien laguntzarekin eta plazan bildu zen publikoaren jarraibide eta algarekin lortu zuen oilarrarenganaino iristea eta ezpatarekin haren gainean keinu bat egitea. 20 euroko saria lortu zuen.
Aurtengo Oilar Jokoan 16 gaztetxok eman zuten izena, eta Oria zazpigarrena zen. Jokoaren arauek zehazten duten bezala, harekin amaitu zen, eta ondorengoek hurrengo urteko Korpus Zortzigarrenera arte itxaron beharko dute jolasteko.