Patinak eta irristaketa, udarako proposamen paregabeak
Ikasturtea patin festarekin amaitu eta gero, Eraldatuz Euskal Irristaketa taldeak ikastaroak emango ditu uztailean zehar, adin guztietako jendeari zuzenduta.
Patinek eta irristaketak Legazpin duten tiradizoa agerian utzi zuten joan den asteko ostiral arratsaldean Kale Nagusian egindako abilezia erakustaldiek eta lasterketek. Eraldatuz Euskal Irristaketa taldeko Aitor Vacas irakasleak gidatuta, helduentzako eta haurrentzako ikastaroak ematen dituzte urritik ekainera bitartean, eta ostiralekoa, hilabete horietan zehar egindakoa erakusteko aitzakia izan zen.
Vacasek azaldu duenez, «patinak kalera atera genituen, irristaketaz gozatzeko, eta egiten duguna erakusteko». Egun batez, Haztegi ikastolako pilotalekuko babesa utzi, eta Kale Nagusia irristaketa pista erraldoi bihurtu zuten, patinen gainean zihoazen haur, gazte eta helduen pozerako, baita publikoaren gozamenerako ere.
Amaitu berri den ikasturte honetan 30 ume eta 45 heldu ibili dira. Helduen kopura ez da makala, eta Vacasek dioenez, «Legazpin talde indartsua dago·. Izan ere, irristaketa adin guztietako jendearentzat da.
Hurrengo ikasturtean ere patinaje klaseak izango dira. Hasi berrientzat, patin gainean hobeti ibiltzen ikasi nahi dutenentzat eta abilezia handiagoa dutenentzat izango dira.
Udako ikastaroa
Aurten ere izango da irristaketa ikastaroa udan, eta dagoeneko izena emateko epea irekita dago. Ikastaroa uztailaren 3tik 28ra bitartean emango du Aitor Vacasek, Haztegi ikastolako pilotalekuan, astelehenetik ostegunera, arratsaldez. Adin guztietako jendearentzako izango da, 2016an jaiotakoetatik gora.,
Izena emateko 613 130 139 telefono zenbakira deitu behar da, edo ehirristaketa@gmail.com helbidera mezu bat bidali.