Bi konpainiatan banatuta, 100dik gora lagun aterako dira kalera, ohiko ibilbidea egiteko. 18:30ean aterako dira Laubidetik, eta plazan amaituko dute desfilea.
Azken urteetan Legazpin ohitura bihurtu den armen alardea egiteko prest daude aurten ere legazpiarrak. San Joan bezperan 18:00etan elkartuko dira 100dik gora lagunez osatutako bi konpainiak Laubiden. Idiek tiratutako gurdia aurretik dutela, 18:30ean abiatuko dira ohiko erronda egitera, eta plazan amaituko dute.
Ohi bezala, bi konpainiak desfilatuko dute Justo San Miguel eta Juan Caro buruzagien gidaritzapean. Aurtengo berritasuna da txilibitu-joleekin batera dultzaina-joleak ere aterako direla, eta ez dela txistularirik egongo.
Bidean hainbat geldialdi egingo dituzte alardekideek, tiro egiteko: San Ignazio auzoko ‘etxe-orratzean’, Santikutz egoitzaren ondoan, Juanastegin, Bikuña jauregian, Bikuña-enean, Kale Nagusian Elizondo tabernaren ondoan, Nafarroa kalean Mauleon hotelaren parean, Kale Nagusian Kiska dendaren parean, eta plazan. Bikuña jauregian ohiko mokadua egingo dute, eta plazan, azken tiroaren aurretik parte hartzaileen zerrenda irakurriko dute.
Legazpi Seguraren menpe zegoen garaiko ohitura zaharra gogoratuko da berriz horrela, San Joan bezperan egiten zena.