Idiazabalgo eta Segurako gazteak herri kirol desafioan aurkari
Zortzina laguneko taldeak osatu dituzte, zazpi probatan aritzeko. 16 eta 25 urte arteko gazteak izatea, eta taldeetan gutxienez bi neska lehiatzea izan dira baldintzak.
Segurako gazte talde batek herri kirol desafioa antolatu du aurten, lehendabiziko aldiz San Joan jaietarako. Ostiral arratsaldean izango da, 18:30ean Idiazabalgo taldearen aurka.
Nora Intsausti segurarra da antolatzaileetako bat, eta esan duenez, «aspaldi» zuten horrelako ekintza bat herrian antolatzeko gogoa, «oso giro pilota sortzen delako horrelako ekintzen bueltan». Esan eta egin. Maiatzaren erdialdean hasi ziren desafiorako materiala biltzen eta taldea osatzen. Taldea osatzeko bi baldintza adostu zituzten, «16 eta 25 urte bitarteko gazteak biltzea eta gutxienez, bi nesken parte hartzea ziurtatzea».
Zortzi laguneko taldea osatu dute, zazpi probatan aritzeko: Joanes Telleria, Eneko Ibañez, Ioritz Ibañez, Ainhoa Intxausti, Haitz Iturriotz, Ekhi Iturriotz, Ekain Azurmendi eta Insausti bera. Hasieran, Zegama, Idiazabal eta Seguraren arteko desafioa egitea zen asmoa, «bi herri horiekin badaukagulako halako pikea, eta grazia ematearren», dio Insaustik; baina zegamarrak ez dira animatu, azkenean.
Zegamarrak ez, azkenean
Zazpi probatan neurtuko dituzte indarrak bi herrietako gazteek, ostiralean. Herriko plaza inguruan 600 metroko ibilbidea egin beharko dute korrika, 14 kiloko ingudearekin 50 altxaldi egin, 25 oskol jarri, trontzarekin 45 ontzako enborrari hiru epai moztu, 25 kiloko txinga banarekin 50 metro osatu, 65 kiloko harri borobilarekin bost altxaldi egin eta aizkoran, 45 ontzako pagoa moztea. Guztia, birritan.
Ilusiorik ez zaie falta Segurako gazte hauei eta «gustura» ari dira desafioa prestatzen egun hauetan. «Entrenatzeko ahal duguna egiten dugu, baina motibaziorik ez zaigu falta», adierazi du Intsaustik. Irabaztea izango dute noski, helburu nagusia. Herritar guztiak gonbidatuta daude ostiralean, herriko plazara.