Auzo giroan ospatu dituzte San Joan jaiak Telleriarten
Ohiko ekitaldiz jantzi dute asteburua, eta musikarik eta jatekorik ez dira faltatu. Larunbateko auzo bazkarian 65 lagunetik gora elkartu ziren, eta festa gauera arte luzatu zen.
Telleriarten auzo giroan ospatu dituzte San Joan jaiak asteburuan, Harrizabala plazan jarritako karparen eta bi elkarteen inguruan. Zaindariaren egunean bertan hasi ziren festak, eta atzo amaitu. Bi egun horietan, betiko ekitaldiak izan dituzte, eta txistularien eta trikitilarien musika eta jatekorik ez da faltatu.
Larunbata izan zen egun nagusia, eta Goiz Deia txistulari bandako kideen kalejiraren ondoren, meza egin zuten auzoko elizan, ohiko lore bedeinkapen eta guzti. Nekazarien Anaidia eta Uztarri elkarteetan egin zuten gero juntadizoa auzotarrek, Josu eta Furriela trikitilarien doinuez lagunduta, eta auzo bazkaria etorri zen gero. Harrizabala plazan jarritako karparen azpian 65 lagunetik gora elkartu ziren, eta festa gauera arte luzatu zen.
Igande eguerdian ere izan zen festa girorik, plazan eskainitako hamaiketakoarekin.