Generacion D kanpainako autobusa Legazpin, gaur eta bihar
Herritarrei trebetasun digitalak hobetzen laguntzeko jolas edo jarduera didaktikoak eskaintzen ditu, doan eta modu pertsonalizatuan.
Generacion D kanpaina ibiltariko autobusa Legazpiko plazan dago aparkatuta egun hauetan, herritarrei trebetasun digitalak hobetzen laguntzeko, jolas edo jarduera didaktikoen bidez. Autobusa gaur eta bihar egongo da plazan, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.
Interneteko bilatzaileak, sare sozialak, ziber-segurtasuna, online kudeaketak… digitalizazioa egunerokotasunaren parte den honetan, adin guztietako jendeari zuzendutako esperientzia honek baliabide eta orientazio ugari eskaintzen dizkie erabiltzaileei, gaitasun digitalak erraz garatzeko. Jarduerak erabat doakoak dira eta 30-40 minutu inguruko iraupena dute.
Generacion D autobuseko esperientzia erabat pertsonalizatua da, eta erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokitzen da. Autodiagnostikoko test bat eginda hasiko da, bakoitzaren ezagutza digitalaren maila ezagutzeko, eta ondoren, era askotako eta maila guztietako jokoak eta jarduerak probatu ahal izango ditu: Interneten bilaketa optimoa egitea, fake news direlakoak identifikatzea, sare sozialen erabilera optimizatzea, identitate digitala kudeatzea. Gainera, autobusak ihes-gela bat du, eta, bertan, erabiltzaileek ikasitakoa praktikan jarri beharko dute jokoa konpondu eta aretotik irtetea lortu nahi badute.