Uztailean kultura eta aisia kalera aterako dituzte Legazpin
Gaur arratsaldean hasi eta San Ignazio egunera arte luzatuko da aurtengo Uztakale. Antzerkia, musika, bertsoa, haurrentzako ekintzak eta ikus-entzunezkoak izango dira. Ekitaldi guztiak kalean izango dira, eta doan.
Sorgintxuloren makillaje tailerra. ARGAZKIAK: Tere Madinabeitia Kultur ekitaldiak eta aisialdi jarduerak kalera aterako dira udan Legazpin, azken urteetan bezala. Aurtengo Uztakale martxan da dagoeneko, gaur Sorgintxulo taldeak haurrei eskainitako jolas eta tailerrekin, eta ondorengo apar festarekin. Egitarauan San Ignazio auzoko jaiak sartuta, uztailaren 31ra arte luzatuko da eskaintza.
Euskal Herrian eta Legazpin sortzen den «kaleko uzta» erakutsi nahi du Uztakalek, eta beti bezala, era askotako ekitaldiak eskainiko ditu: ikus-entzunezkoak, musika, antzerkia, bertsoak eta haurrentzako ekintzak. Guztiak doan izango dira eta kalean gauzatuko dira. Eguraldi txarra egiten badu, Azokan izango dira.
Futbol-zazpi eta jaiak
Egitarauan jasota dauden ekitaldiez gain, larunbat honetako Futbol-Zazpi txapelketaren finala, herri bazkaria eta Xaukena elektrotxarangak girotuko duen bazkalondoa ere kontuan hartu behar dira.
Jaiak ere ezin dira ahaztu. Uztailaren 14, 15, 16 eta 17an Santa Marina jaiak ospatuko dira Aztirian, eta uztailaren 28, 29, 30 eta 31n, San Ignazio jaiak izen bereko auzoan.
















