La Patrullak irabazi du Legazpiko Futbol-7 txapelketaren 15. edizioa
Dureza de Dortmund izan du aurkari, eta 4-3 irabazi dio. Shalkete Meto taldeak lortu du hirugarren postua eta Tzeltziri penaltietan irabazita. Irene Paredes futbol zelaia jarraitzailez bete da, eta han sortutako giroak Azokan du jarraipena. Arratsaldean Xaukena elektrotxarangarekin izango da festa.
Iaz bezala, aurten ere Aterki enpresak babesten duen La Patrulla taldeak irabazi du Legazpiko Futbol-7 txapelketa, Dureza de Dortmund taldeari 4-3 irabazita. Finalaren aurretik hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatu da, eta horretan, penaltietara iritsita, Shalkete Metok irabazi dio Tzeltziri. Bi partiden artean, txapelketaren laguntzaile den Ilinti merkatari elkarteak Lintxori penaltiak jaurtitzeko aukera eman die herriko gaztetxoei, eta baloiak zozkatu ditu partaideen artean.
La Patrullak irabazi du, beraz, txapelketako garaikurra eta Aitxuri jatetxeko afaria . Hurrengo hiru sailkatuentzat ere izan dira oroigarriak, eta sari gehiago ere banatu dira: Nora Aizpurua (Ane Artolak jaso du saria) eta Kepa Iriarte izendatu dituzte txapelketako jokalaririk onenak eta Aiztonagako tigresaren eta tigrearen tituluak jaso dituzte. Aizpuruak eta Iriartek, gainera, Ilintiren 100 euroko sari bana jaso dute torneoko jokalaririk onenak izateagatik. Urko Belokik, Aritz Clementek eta Mikel Zubizarretak golegile handienen saria partekatu dute.
Bi partiden aitzakiarekin, Irene Paredes futbol zelaia jendez gainezka egon da, eta egundoko festa giroa sortu da. Sari banaketen ondoren, kalejiran jaitsi dira gazteak erdigunera, eta Azokan elkartu dira gero, bazkaltzeko, 500dik gora lagun. Xaukena elektrotxarangak alaituko du bazkalondoa eta arratsaldeko poteoa.
Legazpiko Gazte Asanbladak antolatzen duen txapelketa herrikoiaren 15. edizioa izan da aurtengoa, eta 33 taldetan banatuta, 5oo jokalarik baino gehiagok parte hartu dute. Maiatzaren 20an hasi ziren partidak, eta gaur amaitu dira, finalarekin eta festa handiarekin.