Mutiloarrek festa gogoarekin jarraitzen dute
Haurrentzako jolas parkea eta bola txapelketa izan dira arratsaldean. Gauean musika izango da, eta autobusak jarri dituzte Goierriko hainbat herritatik. Bihar da azken eguna.
San Pedro jaietako hirugarren eguna dute gaur Mutiloan, baina mutiloarrak ez dira oraindik nekatu, eta festa giroan eta parrandan jarraitzeko gogoa dute. Herriko gazteen eguna da gaur, eta bazkaria egin dute plazan, musikaz lagunduta. Bola lehiaketa ere izan da arratsaldean, baita haurrentzako jolasak ere.
Gauean izango da parrandarako aukera gehiago, 23:0ean, herri afariaren ostean Nafarroa 1512, Kontralde ea Balantza taldeek egingo duten kontzertuarekin. Kanpotarrak ere ongi etorriak izango dira, eta horientzat joan-etorriko autobusak egongo dira gau osoan zehar Ordizia, Beasain, Lazkao eta Idiazabaldik, eta Segura, Zerain eta Zegamatik.
Bihar azken eguna
Biharkoa izango da Mutiloako jaietako azken eguna, eta Tourrak ez duela zapuztuko ziur daude herritarrak. 11:30ean hasiko dira eguneko ekitaldiak, meza nagusiarekin, eta ondoren, 12:00etan, txakolina eta Beñat Telleria mutiloarraren gaztak dastatzeko aukera izango da.
Arratsaldean kirola eta antzerkia izango dira. 18:00etan, pentatloi erakustaldia egingo dute Zegamako Joseba Arakamak eta Mallabiako Ioritz Gisasola Zelai V.aren artean. 19:00etan hasiko den Orreagatik iragan hurbilera Segurako herri antzerkiak emango die amaiera aurtengo sanpedroei.