Zeraindik Aztiriara, Everest mendiaren desnibelaren pareko bidea egiteko
'Everest solidarioa' bizikleta proba egin dute Zerainen, eta Aztiriako gainera 40 aldiz igo dira. Bildutako diruarekin, herritarrek emandako bizikletak konpondu eta Saharara bidaliko dituzte.
Tourra Zerainera iritsi aurretik, Oamendi kirol klubak antolatuta, txirrindularitza proba berezia eta solidarioa egin dute gaur herriaren eta Aztiria gainaren artean, Everest mendiaren desnibela erronkatzat hartuta. Zeraindarren artean bizikleta zaletasuna sustatzea, eta etxean erabiltzen ez diren bizikleta zaharrak bildu eta konpondu eta gero, Saharara bidaltzea dira ekimen honen helburuak.
Hala, Everest solidarioa izenburua jarrita, Zeraindik Aztiriara bitartean bizikleta gainean ibili dira zeraindarrak, Everest mendiaren desnibelaren pareko bidea egiteko, eta Everesting izenarekin ezagutzen den txirrindularitza proba Goierrira ekarrita.
Everest mendiaren altuera berdintzeko, 27 aldiz egin behar zuten bidea, bost kilometrotik gorakoa, eta 40 aldiz igo dute azkenik. Helburua erraz betetzea lortu dute, beraz, herritarren partaidetza bikainari esker.
Izan ere, 30-35 lagunek parte hartu dute, proba berezi honetarako propio salgai jarritako elastiko laranja jantzita. Parte hartzeagatik, helduek 15 euroko ekarpena egin dute, eta haurrek 10 eurokoa. 08:00etan hasi eta 17:00ak arteko epea zegoen erronka betetzeko, eta irteera herrikoi bat ere egin dute, 11:30ean, Larraondoko bidegurutzetik.
Bizikleten bilketa eta konponketa
Izen emateetatik eta kamiseten salmentetatik lortutako dirua, bizikletak konpontzeko erabiliko dute, gero Saharara bidaltzeko.
Bizikletak jasotzen hasita daude Oamendi kirol klubeko kideak, eta dagoeneko lau lortu dituzte eta beste zazpi hitzartuta daude. Uda guztian egongo da bizikletak emateko aukera, baita kamisetak erostekoa ere. Gaur, Larraondoko bidegurutzean bertan ere bildu dituzte bizikleta batzuk.
Auzolanean konponduko dituzte gero guztiak, irailean, eta aurretik ikastaro bat emango dute bizikletak konpontzen erakusteko.
Bizikletak eman edo diruz lagundu nahi duenak, 684 480 443 telefono zenbakira deitu dezake.