Frantziako Tourrak Goierri zeharkatu du bide ertzak animoz beteta
Frantziako Tourrak Goierri zeharkatu du, Legazpitik hasi eta Zaldibiaraino. Bide ertzetatik animo hotsa lagun egin dute txirrindulariek ibilbidearen zati hau.
Gaurkoan egun berezia izan da Goierriko txirrinduzaleentzat, izan ere, txirrindularitza arloan pisu handia duen ekitaldia izan da Goierrin: Frantziako Tourra. Aurten Frantziako Tourra Bilbotik abiatu da eta Parisera iristeko bidean, Goierri zeharkatu du gaur eguerdian. Gaurko etapa Gasteizen hasi da eta Debagoiena aldetik iritsi da gurera, Udanatik hain zuzen ere. Legazpitik sartu da Frantziako Tourra eta bertatik eskualde osoa zeharkatzeari ekin diote txirrindulariek. Legazpitik Aztirira joan dira, eta bertatik Zerain aldera jaitsi dira. Zeraindik Segurara jarraitu dute haien ibilbidea, eta ondoren, Idiazabalgo biribilketatik pasa eta Ihurre auzoan zehar joan dira txirrindulariak. Ondoren, Beasain eta Ordizia herrigune erdi-erditik zeharkatu dituzte eta Goierriko azken metroak Zaldibian egin dituzte, Larraitzen hain zuzen ere. Eguerdiko 12:30ak aldera iritsi da karabana eskualdera eta txirrindulariak, pare bat ordu beranduago.
Horrelako pisua duen ekitaldi bat ez da egunero izaten eta horregatik, gaurkoan goierritarrak kalera irten dira txirrindulariak animatzera, Tourraren berezitasunak erakarrita eta ikurrinak eskuan. Bide bazter guztiak jendez gainezka izan dira eta animo hotsak zein txaloak izan dira nagusi. Giro bikaina izan da herri guztietan, kolore zuri, gorri eta berdeak alde guztietan zirelarik.
Legazpi
Legazpin Udana aldetik iritsi da Tourra eta Goierriko lehen herria izan da aurtengo Frantziako Tourrari harrera egin diona. Bertan jende ugari ibili da goiz osoan zehar. Lasterketa iritsi baino lehen, karabana pasatzerakoan oztopo txiki bat izan dute bidean auto berezi hauek, izan ere anbulantzia bat matxuratu da eta bide ertzean geratu behar izan du, auto ilara sortuz tarte batez. Hala ere, denbora gutxiren buruan konpondu dute anbulantzia eta beren bidean jarraitu dute guztiek.
Aztiria
Goizean goiztik ibili da jendea iritsi eta iritsi Aztiriara. Gainera, Aztiria jaioterri duen txirrindulari Alex Aranburuk hartu du parte aurtengo Frantziako Tourrean eta bai berarentzat, bai etxekoentzat oso egun berezia izan da.
Zerain
Segura
Beasain
Beasainen herri erditik pasa da Tourra eta jendea txirrindulariak txalotzera atera da. Ibilbide osoan zehar jendetza egon da ikuskizunaz gozatzeko eta goizan goiztik egon dira lekua hartuta hainbat eta hainbat. Giro goxoa eta animatua izan dute goiz osoan zehar. Askok etxeko aulki eta mahaiak atera dituzte kalera, lagun arte ederrean mokadu bat jateko asmoz; beste batzuk, horrekin nahikoa ez eta bozgorailu bat ere jaitsi dute. Sekulako festa izan dute Beasainen, batez ere Nabarro Larreategi, Zapatari eta Dolare kalea elkartzen dituen biribilgune inguruan eta Zapatari kalean bertan.
Ordizia
Ordizian herrigune erditik igaro dira txirrindulariak. Jendez gainezka zeuden bide bazterrak bertan ere eta animo artean egin diete harrera txirrindulariei.
Zaldibia
Zaldibian izan du amaiera Frantziako Tourraren Goierriko ibilbideak. Larraizko igoera latzaren ondoren Abaltzisketa aldera jaitsi dira txirrindulariak.
Argazki guztiak: