CAFek Londresen DLR trenak hornitzeko sinatutako kontratua handitu du
Hasierako 43 unitateei beste 11 gehituko zaizkie. Handitze kontratuaren bolumena 90 milioi euro baino gehiagokoa izango da.
CAFek Londresen DLR trenak hornitzeko sinatutako kontratua handitzea lortu du. 2019ko ekainean esleitu zuten CAFek eta Transport for London (TfL) enpresak kudeatutako DLR linearako trenen hornikuntza. Orain, kontratu hori handitzea adostu dute eta hasieran jasotako 43 unitateei beste 11 gehituko zaizkie. CAFek jakinarazi duenez, handitze kontratuaren bolumena 90 milioi euro baino gehiagokoa izango da.
Hasierako unitateen antzera, berriek ere bosna kotxe izango dituzte, baita bidaiarientzako hobekuntza osagarri batzuk ere. Horien artean, denbora errealean eskainitako bidaiari buruzko ikus-entzunezko informazioari dagokionez teknologia aurreratuena, aire girotua, gailu mugikorrak kargatzeko puntuak, erabilera anitzetarako eremuak (haurrentzako aulkientzat, bizikletetarako eta ekipajea garraiatzeko), eta baita gurpildun aulkientzat erreserbatutako guneak ere.
Otsailean egin zuten Londresen hasierako kontratuko lehen unitatea aurkezteko ekitaldia. Bertan izan zen Sadiq Khan, Londreseko alkatea, eta unitate berriei esker, DLRren tren-flotaren edukiera %10 handituko dela gogorarazi zuen. Richard Garner Erresuma Batuko CAFeko zuzendariak jakinarazi duenez, unitate berri hauek, “Londreseko hazkundea eta irisgarritasuna lortzen lagunduko” die.
Kontratu honen bitartez sendotu egin da CAFek azken urteotan Erresuma Batuko trenen merkatuan izandako ibilbidea. Enpresak hainbat operadorerekin garatu ditu kontratuak herrialde hartan: First Group, Serco Group, West Midlands Trains, KeolisAmey eta aipatu berri dugun Transport for London. Proiektu horien guztien bolumen globala 2.500 milioi euro baino gehiagokoa da eta herrialdean funtzionatzen duten tren-flota nagusietako batzuk berritzeko prozesuan eragin handia izan dute.













