«Geroz eta komertzio gutxiago daude, eta geroz eta zerbitzu gehiago»
Urola Garaiko Mankomunitateko herriei zerbitzua ematen dien bigarren bulego teknikoan egiten du lan Ane Gutierrezek. Legazpin dago bulegoa, eta Ilinti merkatari elkartearen babesa du.
– Legazpiko merkataritza bulego teknikoan egiten duzu lan.
Bulegoa Legazpin dago, baina Urola Garaia Mankomunitateko herri guztiei ematen diogu zerbitzua. Lehendik bazegoen bat Urretxun, baina Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza bati esker eta Ilinti merkatari elkarteak eskatuta, bigarren bulegoa ireki dugu, Legazpin, Saturnino Tellerian, udalaren lokal batean.
– Zein da zuen lana?
Merkatari guztiei ematen diegu zerbitzua, elkarteetako bazkide izan ala ez. Gure lana laguntasuna eskaintzea da, adibidez, diru laguntzei buruzko informazioa edo ikastaroen berri emanez, bere garaian Ticket Bai-rekin lagunduz… Eta hori guztiaz gain, Ilintiko bazkideei kanpainak garatzen ere laguntzen diegu, dinamizazio lana egiten dugu.
– Orain zertan ari zarete Ilintin?
Futbol-7 txapelketako kanpaina amaitu berri dugu, gaur Dendak Kalera egiten ari gara, bazkideekin eta bazkide ez direnekin, eta, gainera, udako kanpainan gaude murgilduta. Ilintiko dendetan erosten dutenen artean, eguzkitakoaz eta hozkailuaz osatutako loteak zozkatuko ditugu, bat denda bakoitzean.
– Zenbat denbora daramazu lan honetan?
Bederatzi hilabete, baina lehengo teknikaria zen Alberto Vesgaren enpresa pribatuan lanean nengoenean, laguntzen nion. Ez nintzen hutsetik hasi.
– Nola ikusten duzu Legazpi ?
Geroz eta komertzio gutxiago daude, eta geroz eta zerbitzu gehiago. Gazteek nahiago dute zerbitzuen alorra, eta galtzen ari dira betiko dendak. Horregatik ari gara lan egiten belaunaldi erreleboarekin, eta orain dauden denden modernizaziorekin.