Ostiralean hasiko da Sorgintxuloren kanpaldia Burgosen
Begirale batzuk joan dira dagoeneko Hortiguelara, kanpalekua prestatzera. Legazpiko gaztetxoak ostiral goizean abiatuko dira, hamabost eguneko egonaldia egitera.
Iristen ari da eguna, eta herriko 12 eta 16 urte bitarteko 60 gaztetxo irrikitan daude Sorgintxulo aisialdi taldearekin batera udako abentura handiari ekiteko. Ostiraletik hilaren 28ra arte, Burgosko Hortiguela herrian (Espainia) kanpaldia egingo dute, hamabostaldia era askotako ekintzaz beteta. Azken urteetan bezala, aurten ere ez dira faltako igerilekura irteerak, zikin eguna, gaubelak, mendi irteerak eta, batez ere, giro ona eta euskalduna.
Kanpalekua prestatzeko joan dira dagoeneko hainbat begirale gaur bertan, eta gainerako begiraleak eta gaztetxoak ostiral goizean joango dira. Irteera 09:00etan izango da, Aizkorri kaleko autobus geralekutik. Geralekura hogei minutu lehenago joateko eskatu dute antolatzaileek.