Ateak Ireki-ko estatubatuarrek asteburuan utziko dute Goierri
Bihar agur festa egingo dute Beasainen, eta igandea familiartean pasatu ondoren, astelehenean egingo dute itzulerako bidaia.
Hiru asteko egonaldia eginda eta harremanak atlantikoaren bi aldeetako euskaldunen arteko erlazioak sendotuta, asteburuan bukatuko da lehenengo Ateak Ireki programa. AEB Amerikako Estatu Batzuetako 37 gazteek eta haiek hartu dituzten Goierriko familiek agur festa egingo dute, larunbatean, Beasainen. Igandea familiartean pasatzeko utzi ondoren, astelehenean itzuliko dira aireportura eta etxera.
Agur festa 12:00etan hasiko da, jolasekin. 13:00etan triki poteoa, eta 14:30ean bazkaria dituzte, Gernika Pasealekuko frontoian. 200 lagunetik gora elkartuko dira, batez ere familiak eta gazte estatubatuarrak. 17:30ean, erromeria izango da Aitor Alvarez, Hodei Zabaleta, Onintze Garrido, Haritz Markinez eta Agurtzane Agirre musikariekin.
Helburuak, buruz gain
Balorazio sakonagoak datorren astean egiteko faltan, lehen sentsazio oso onekin daude Ateak Irekiko parte hartzaileak. «Orain arte jaso duguna oso positiboa da. Gu ere etxean hori ari gara bizitzen; Boiseko bi neska ditugu, eta oso positiboa da jasotzen duguna», azaldu du Ateak Irekiren koordinatzaile eta Batzen elkarteko kide Anjel Oiarbidek.
Familien eta gazteen artean erlazioak sortzea zen lehen egitekoa, eta aise bete da hori. Hiru asteko egitarau betea izan dute, «agian beteegia», nekatuta ere bukatu dutelako. Baina sakoneko arrazoiek galanki gainditu dituzte aurreikuspenak.
«Gure mapetatik eta mapa mentaletatik harago doan komunitate bat garela agerian geratu da, hari batzuek lotutakoa». Gehiago arakatzeko eta etorkizunean «euskal komunitatearen altxor handi hau» lotzen jarraitzeko gogoa utzi du.