Bainujantzia eta botak hartuta
Beasain-Orio mendi martxa egingo dute gaur. Gazteen arteko sarea indartzea da helburua. Harremanak euskaraz sortu nahi dituzte.
Beasaindik itsasoa urruti dagoela iruditu dakioke askori, baina herriko gazte kuadrilla batentzat txango bat besterik ez da behar hara iristeko. Gaur abiatuko dira Beasaindik, 22:30ean, eta biharko egunsentia Orion ikustea espero dute. Beraz, ilunpetan egingo dute martxa. Eta mendirik mendi. Kantauri itsasoan bainatu, Antilla hondartzan gosaldu, eta atzera Goierrira itzuliko dira, autobusez, denek elkarrekin bazkaltzeko. Hirurogei lagun inguru eseriko dira mahaian, gazte mendizaleak eta antolatzaileak zenbatuta.
Ez da kirol ekintza lehiakor bat. Herriko gazteak saretzea da helburua, euskaraz eta naturarekin harremanetan, Unai Murua antolatzaileetako batek azaldu duenez. 42 gazte elkartuko dira aurten, 18 eta 28 urte bitartekoak. “Kopuru polita da”, aitortu du Muruak. Iaz hogei lagun elkartu ziren. “Iazkoa oso ondo irten zen. Ia denek errepikatuko dugu, eta beste batzuk ere animatu dira”.
“Aspaldiko” ohitura da Beasaindik Oriora oinez joatekoa. Aizkorri mendizale elkarteko kideak izan ziren aitzindariak. Eneko Zaballos mendizale elkarteko kideak azaldu du inguruan “joera handia” dagoela kostara joateko, eta hala hasi zirela eurak. Esaterako, Segurako txirrindulari elkarteak Kosta ala kosta buelta a la kosta martxa antolatu du biharko, Zumaiara joan eta etorri.
Gazteentzako eskaintza
Beasainen ohitura galduta zeukaten arren, 2021ean berreskuratzea erabaki zuten. “Aizkorrin antolatzen ditugun ekintzak haurrentzat zein helduentzat dira”, esan du Zaballosek. “Baina badago iristen ez ginen adin tarte bat, eta gu joan ginen haiengana proposamenarekin”. Oriora jaistea proposatu zieten gazteei, baina gauez, erakargarriagoa izateko.
Muruaren ustez, asmatu zuten. “Iaz oskarbi zegoen gau bat egokitu zitzaigun, eta izarrak ikusteko aukera izan genuen. Ikusgarria izan zen”. Aurten ere badirudi zerua garbi izango dutela. Aukera baldin badute, izarrak ikusteko geldialdia egingo dute. Jan, atseden hartu, eta indarrak berreskuratzeko geldialdiak ere egingo dituzte. Zortzi-bederatzi ordu beharko dituztela kalkulatu dute.
Denborarekin, Aittu euskara taldea ere batu zen ekintzara. Euskaraldiaren beroaldian sortu zuten Aittu euskara taldea, 2019an, Beasainen, eta hurrengo urteetan gazte saila ere sortu zuten, euren hizkuntza ohituretan eragiteko. Gazteen adarraren lehen ekintzetako bat izan zen Beasain-Orio mendi martxako antolaketa lanetan laguntzea. Gazteen arteko sarea osatzen ari direnez, hizkuntza ohitura oraindik ez daukate egonkortuta. Euskara txertatu nahi dute euren egunerokoan. Mintzapraktika egiteko ere “aitzakia polita” dela azaldu du Muruak.
Balioak lantzeko saiakera
2021ean ezin izan zuten txangorik egin, pandemiaren ondorioz, baina iaz, bai. Iraganeko ibilbidea egingo dute aurten ere: Beasaingo Bideluze plazatik Usurbe aldera abiatuko dira; Murumenditik barrena, Urola ibarrera igaroko dira, eta Zelatunera igoko; Iturriotzera jaitsi eta Aia zeharkatuta, Oriora helduko dira. 36 kilometro eta 1.400 metroko desnibel metatua ditu txangoak.
Zaballosek oroitu du martxak iraganean ez zuela egungo indarrik: “Jende gutxiago joaten ginen, hamabost bat edo. Eta helduagoak”. Halere, zaintzen zituzten herritarren arteko saretzea eta naturarekiko lotura bezalako balioak. Aizkorri mendi elkartearen oinarriekin bat egiten dutela azaldu du. Baita euskararekin ere. Zaballosek azpimarratu du txango guztietan euskara hobesten dutela, eta gaur ere hala egiteko eskatu dietela gazteei. Muruak bat egin du gonbidapen horrekin.
Aizkorri elkartekoek bihar amaituko dute sasoia, eta irailean itzuliko dira. Herriko gazteak saretzen jarraituko dute orduan. Aurretik, Porru kaleko festak egingo dituzte abuztu amaieran.