Udaleko batzordeak eratu eta karguetako ordezkariak izendatu dituzte Beasainen
Gobernu Batzordea ere eratu dute. Bertan talde politiko guztiek izango dute ordezkaritza. Aldaketa nabarmenena, osoko bilkuren ordua ordubete aurreratzea izango da
Udalaren antolaketa zehazteko osoko bilkura egin du Beasaingo Udalak. Batzordeen eraketa egiteaz gain, konposaketa eta funtzioak zehaztu eta Udala ordezkatuta dagoen erakundeetarako ordezkariak izendatu dituzte. Gainera, Gobernu Batzordea ere eratu dute. Bertan talde politiko guztiek izango dute ordezkaritza.
Batzorde honen helburua udalaren antolakuntza eraginkorragoa izatea da. Partaideak, alkatea eta udal talde bakoitzeko bozeramaileek osatuko dute. Eginkizunen artean daude Udalaren egunerokoa partekatu, iritziak jaso eta informazioa lantzea.
Orain arte ez bezala, osoko bilkurak hilabete bakoitzaren azkeneko ostegunean egingo dira, arratsaldeko 18:00etan. Kontziliazio erantzunkidea proiektuan murgilduta dago Beasaingo Udala, eta hori sustatzeko hartu dute bilkuren ordua ordubete aurreratzearen erabakia. EH Bildu izan zen aurka bozkatu zuen talde bakarra.
Batzorde informatibo iraunkorren eraketa, konposaketa eta funtzioei dagokionez, hiru batzorde informatzaile eratzea erabaki zuten: Antolakuntza, Herritarrak eta Lurraldea. Batzorde informatiboetan ere, alderdi politiko guztiek izango dute ordezkaritza.
Erabakitako beste gai batzuen artean daude: zinegotzien ordainsariak eta arduraldiak zehaztea, talde politikoei zuzendutako asignazioak, eta udalak ordezkaritza duen erakundeetako organo kolegiatuetako bileretara joateagatik jaso beharreko kopuruak zehaztea. Alkatearen ordainsaria Eusko Jaurlaritzako zuzendari baten parekoa izango da. Lehenengo alkateordearen zenbatekoa horren %85 eta bigarren alkateordearen kasuan %75. Bestalde, alkateak eta bi alkateordeek, arduraldi osoa izatea onartu zen.
Azkenik, udal talde ezberdinen gastuetarako erabiliko diren asignazioak ere onartu ziren. Talde politiko bakoitzak dituen funtzionamendu gastuetarako bakoitzari hilabetero 656,5 euro eta zinegotzi bakoitzeko 179,04 euroko asignazioa onartu zen. Horrez gain, Osoko bilkura, Gobernu batzorde, Batzorde informatzaile, eta Bozeramaile batzordeetara joateagatik dietak onartu ziren.