Pintok lider jarraitzen du Yamaha R1 Rookies Kopan
Azken lasterketan bigarren geratu zen, Nafarroako zirkuituan. Hurrengo probak abuztuaren 5ean eta 6an izango dira, Murtziako Cartagenako zirkuituan (Espainia).
Carlos Pinto moto pilotu legazpiarrak lider jarraitzen du Espainia mailako afizionatuen Yamaha R1 Rookies Kopan, Los Arcoseko Nafarroako Zirkuituko lasterketan bigarren postua lortu eta gero. Espainiako CEF txapelketarako eta Yamaha Koparako puntuagarria zen lasterketa.
Sailkapen errondetan birarik azkarrena egin zuen Pintok, 1:47,67 hain zuzen, eta horrek lehen postua eman zion irteera parrilan. Baina lasterketan zehar arazoak izan zituen balaztekin, eta bigarren postuan amaitu zuen, proba bikaina egin eta gero.
Mieres Racing Team taldearen babesean lehian ari den pilotu honen hurrengo lasterketak abuztuaren 5ean eta 6an izango dira, Murtziako Cartagenako zirkuituan (Espainia). Horiek ere Espainiako txapelketarako puntuagarriak izango dira.