Aurtzaka Poloniako dantza jaialdian izango da abuztuan
Nowa Ruda herrian ospatuko den dantza jaialdian parte hartuko du talde beasaindarrak. 30 dantzari joango dira
Beasaingo Aurtzaka taldea abuztuaren 8tik 13ra Polonian izango da, Nowa Ruda herrian ospatuko den dantza jaialdian. Berez, Urretxuko Lurra dantza taldea zen joatekoa, baina aurten ez zitzaien ondo etortzen eta Aurtzaka taldeari luzatu zion gonbita. Horrela, taldeko 30 dantzari joango dira Nowa Rudara.
Lurra dantza taldeak 1989a geroztik Herri Arteko Folklore Jaialdia antolatu ohi izan du. Jaialdiaren helburua herrialde desberdinetako taldeak elkartzea da, kultura eta dantza berriak ezagutu eta helarazteko asmoz.
Aurtzaka taldeak ere, 1981a geroztik, munduko txoko desberdinetara bidaiatu du, joandako leku bakoitzera eramanez euskal dantzak. Herrialde horietako batzuen artean daude: Ingalaterra, Kroazia, Turkia, Bulgaria, Galizia, Polonia eta Katalunia, besteak beste.
Ohikoa duten Ezpata dantza dantzatzeaz gain, Euskal Herriko beste dantza tipiko batzuk ere dantzatuko dituzte: Soka dantza, Uztaritzeko makil txikien dantza eta Luzaideko bolantak izango dira horietako batzuk.
Beharrezko materiala eramateko paleta bat prestatu dute: zaldiko, ezpatak, arkuak eta bestelako materiala eramango dute bertan.