Goierriko tokalariek hartu dituzte Euskadikoan aurreneko postuak
Euskadiko Toka Txapelketako sarien lau postuetatik hiru bereganatu dituzte Goierriko tokalariek, gizonezkoen mailan. Larunbatean jokatu zen, Astigarragan, aurrez sailkatutako 17 tokalarirekin: 14 gizonezkok eta hiru emakumek bota zuten.
Jose Antonio Calvo urretxuarrak jantzi du Euskadiko txapela gizonetan. Probakoa eta sei tiraldi egin zituen bakoitzak, eta 14 burdin jo zituen Calvok. Emakumeetan txapeldun Rosa Santos atera da, Goreti Beloki bigarren eta Elena Aldaz hirugarren.
Bigarren postuan Iñaki Maiz gabiriarra geratu da (10), iazko Euskadiko txapelduna, eta hirugarren Antonio Amundarain (9). Laugarren posturako desenpatea jokatu behar izan zen, eta Ino Ugarteburu ezkiotarrak (8) lortu zuen saria, Roberto Ostolaza eta Felix Maiz gabiriarra gaindituta.