Ion Izagirreri Ormaiztegin egindako harreraren bideoa
Frantziako Tourreko 12. etapa irabazi du aurten Cofidis taldeko txirrindulari ormaiztegiarrak, eta hori ospatzeko ekitaldia antolatu diote jaioterrian.
Ion Izagirre Insausti Cofidis taldeko txirrindulariari harrera egin zioten atzo arratsaldean jaioterrian, Ormaiztegin –Agurainen bizi da gaur egun–. Izagirrek Frantziako Tourreko 12. etapa irabazi du aurten, Belleville-en-Beuajolaisen, ihesean.
Goierriko txirrindulari eskolakoek bizikleten gurpilekin egindako pasilloa igaro ondoren, Jon Enrike alkateak egin zion harrera, eta Zorionak Ion pankartarekin atonduko udaletxeko balkoira igo ziren. Alkateak eskerrak eman zizkion Ormaiztegiren izena mundu guztian zabaltzeagatik.
Izagirrek hartu zuen hitza ondoren, alabak ondoan zituela: “Niretzat ere harrotasun handia da nire garaipenarekin hainbeste jende poztu izana. Ni ere hemen hasi nintzen bizikletan, Mendizabalen, geltokira bidean… Emozio asko bizitzen dituzu, momentu berezia izan zen lan askoren ondoren. Ilusioa horrek ematen du, txikiok hemen ikustea, hori da gure etorkizuna, eta ea hemendik urte batzuetara ere hauetakoren bat hemen ikusiko dugun esperantzarekin”.
Segidan, lore sorta bat, bisera bat eta oroigarri bat eman zioten opari. Udaletxeko arkupeetan postalak sinatu zituen ondoren, eta bukatzeko, taldeko argazkia atera zuten Gorka anaiak eta biek Goierriko txirrindulari eskolakoekin.
Bideoa eta argazkiak: Gotzon Aranburu