Legazpiko Kenpo Kai Bushido klubeko lau kide, munduko txapelketara
Eneko Uranga eta Unai Garitano legazpiarrak eta Iñigo Salegi eta Mikel Aranguren urretxuarrak dira lehiakideak. Tunisian jokatuko da, irailaren 27tik urriaren 2ra bitartean.
Eneko Uranga eta Unai Garitano legazpiarrek eta Mikel Aranguren eta Iñigo Salegi urretxuarrek munduko kenpo kai txapelketan parte hartuko dute irailaren 27tik urriaren 2era bitartean, Tunisian. Legazpiko Kenpo Kai-Bushido klubeko kideak dira.
Tunisiara joango diren lau kirolariak Nafarroako Bera Torneoan sailkatu ziren mundukora joateko, besteak beste Galizia, Madril eta Euskal Herriko beste lehiakide askoren artean. Torneoa maiatzaren 6an jokatu zen, eta Salegik defentsa pertsonalean urrea irabazi zuen eta brontzea katan eta kobudon (armarekin egiten den kata); Aranguren urrea izan zen beteranoen konbatean, eta defentsa pertsonalean eta katan; Uranga bigarrena izan zen defentsa pertsonalean, eta hirugarrena katan eta kobudon; eta Garitano hirugarrena izan zen defentsa pertsonalean. Emaitza horiek eman zien Tunisiako txapelketarako txartela.
Munduko txapelketara joateko hautatuak izan direnetik, erabat murgilduta daude entrenamenduetan. Abuztuan atseden hartuko dute, eta irailean itzuliko dira berriz ere.
Txapelketarako gogoz
Munduko txapelketan parte hartzeko aukerarekin «oso gustura eta gogoarekin gaude, esperientzia berri bat izango da», Urangak aitortu duenez, «Tunezen da gainera, eta kultura desberdin bat ezagutuko dugu. Irrikitan gaude, egia esan».
Ez dira bakarrik joango, Euskal Herriko kirolari gehiago ere izango dira, horien artean Andoaingo Zuhaitz Astarloza. Han dauden bitartean prestaketarekin eta entrenamenduekin lagunduko die. Familiakoak ere joango dira seguruenik.
Uranga futbola utzi eta gero hasi zen kenpo kai praktikatzen, 17 urterekin. Gaztetan judoa egin zuen aita Jose Anjelek bultzatuta jo zuen arte martzialen mundura. Kenpo kai ikusi, eta «nahiko konpletoa iruditu zitzaidan, Probatu nuen, eta orain arte». Hiru urte egin ditu, eta munduko txapelketara doa. «Hasieratik harrapatu ninduen, taldeko giroa oso ona zen: kenpoa bakarkako kirola da, baina taldeko guztiek laguntzen dizute».
Legazpin, 2005etik
Kenpo kai Japonian eta Txinan jatorria duen arte martzial bat da. Defentsa pertsonalerako erabiltzen da, eta kolpeak, ostikoak, blokeoak, proiekzioak edo heltzeak bezalako teknikak ditu oinarrian. Diziplina, errespetua, adiskidetasuna eta ahalegina ere jorratzen ditu.
Legazpin 2005etik praktikatzen da, Bikuña kiroldegian egoitza duen Kenpo Kai-Bushido klubaren babesean. Une honetan 10 kide dira, 15 urtetik ia 40 urtera bitartekoak. Mikel Aranguren eta Zuhaitz Astarloza dira entrenatzaileak. Klubak ateak irekiak ditu nahi duten guztientzat. Irailean hasiko da ikasturte berria.
Aurretik ere izanda dira munduko txapelketa batean klubeko kide gehiago. 2007an, esaterako, Estitxu Martinez de Albeniz, Ruben Gullon eta Mila Leza legazpiarrak eta Ander Hernandez aretxabaltarra Japonian izan ziren, eta Lezak zilarrezko domina irabazi zuen kata modalitatean.