Olaberriko Udalak sei batzorde eratu ditu 2023-27 agintaldirako
Olaberriko Udalbatzak uztailaren 13an egindako bilkuran finkatu zituen 2023-2027 agintaldirako udalaren barne antolaketa egiturak, batzordeburuen izendapenak eta ordezkari politikoen diru asignazioak. Sei batzorde informatzaile eratu dituzte.
Aurrenekoan arlo ugari bildu dtuzte: azpiegiturak, hirigintza, nekazaritza, ogasuna eta kontuak, eta udal zerbitzu teknikoen batzordea da pisutsuena; Jokin Garmendia alkatea du buru. Kultura, kirola, euskara eta hezkuntza Jon Renteria zinegotziak gidatuko du; Gizartea eta gazteria Nerea Castañok, baita Jai Batzordea ere. Berdintasun eta Memoria Batzordearen burua Irene Irastortza izango da, eta Ingurumenekoa Aitor Urkiola. OEO udal gobernu taldekoak dira lau;EH Bildukoa azkenekoa.
Dedikazioak eta ordainak
Udala parte den erakundeetan Jokin Garmendia izango da ordezkaria, Haurreskolak partzuergoan eta Herri Eskolan izan ezik, Renteriaren esku horiek.
Batzar berean, alkatearen dedikazioa %50ekoa eta urteko ordainsari gordina 22.500 eurokoa izatea ere onartu zen. Osoko bilkuretara joateagatik, zinegotzi bakoitzak 200na euro jasoko du (gehienez 8 bilkura urtean), eta batzordeen ohiko bilerengatik 100na euro (gehienez 8 urtean).
Osoko bilkurak hilabete bakoitietan hirugarren ostegunetan egingo dira, eta beste bi urrian eta abenduan, 18:00etan.