Festa giroa dakar udak
Goierri festaz lepo egongo da abuztuan. Legazpin, Idiazabalen eta Urbian San Inazio jaiak ospatuko dira; Gabirian, Zerainen eta Zumarragan, Andre Mariak. Itsason, Zegaman eta Brinkolan ere ospatuko dituzte festak
Abuztua iristearekin batera basamortuaren tankera hartuko du aurten ere Goierrik: beroa egiteaz gain, herritar askok kanpora bidaiatzeko aprobetxatuko dute, herria ia hutsik utziz. Hala ere, beti dago herrian zaindari gelditzen denik ere, herriko eta inguruko jaiak ospatzeko prest. Aurten ere herri txiki askotan jaiak ospatuko dituzte udan eta bailaran geratzen direnek jai giroan ibiltzeko aukera zabala izango dute.
Legazpi, Idiazabal, Urbia
Abuztua iritsi aurretik, San Inazio eguna izango da uztailaren 31n. Egunaren bueltan jaiak ospatuko dituzte Legazpin, Idiazabalen eta Urbian. Legazpin uztailaren 28tik 31ra ospatuko dira festak. Aurtengo egitarauari dagokionez, ohiko ekitaldiez gain, omenaldietarako tartea ere izango da. Gaurko 19:00etan botako dute txupinazoa eta gauean, zenbait kontzertu izango dira beheko eta goiko plazan.
Larunbatean umeentzako puzgarriak egongo dira. 18:00etan, berriz, Eufemiano Iturri XIV. mendi bizikleta egingo da. Xaukena elektrotxarangak girotuko ditu kaleak eta ondoren, paella jan solidarioa egingo da. Gauean kontzertuak egongo dira. Igandean, aldiz, gaua luzatu dutenekin Gaupasero argazkia aterako da goizean. Arratsaldean, herri kirol jaialdia izango da. Festei amaiera emateko, astelehenean txistulariek kaleak alaituko dituzte. 12:00etan auzoko jubilatuentzak luntxa eta Mus txapelketa egingo dira.
San Inazio eguneko jaiekin jarraituz, Idiazabalen Kateko Festak ospatuko dituzte. Gaur hasiko dira jaiak iluntzeko zazpietan izango den sagardo dastaketarekin. 22:30ean, Ahuntzak taldearen kontzertua izango da, eta gaueko hamabietan txerri harrapaketa. Larunbat goizean, kulero, galtzontzilo eta tanga lasterketa egingo da, gaupasero argazkiarekin batera.
Mus txapelketa eta tortilla patata lehiaketa ere egingo dira, haurren jolasekin batera. Iluntzean bertso afaria izango da, eta egunarekin amaitzeko, Istilu taldearen kontzertua. Astelehenean San Inazio ermitan meza izango da.
Urbian, Gipuzkoako eta Arabako Partzuergoak antolatutako San Inazio eguneko festa egingo da. Egunari hasiera emateko, 11:30ean, meza santua egingo da. Gero, 13:00ean, Herri Kirolak izango dira eta bazkal aurre eta ondorena girotzeko erromeria.
Gabiria
Gabiriako festak abuztuaren 10an hasiko diren arren, abuztuaren 13an izango dira jaiei hasiera ofiziala ematen dien makila jaitsiera eta pregoia, buruhandi eta erraldoiekin batera. Ondoren afaria egingo dute eta 00:00etan Elektrotxorongo taldeak girotuko du gaua. Abuztuaren 14an, herri kirolez, apar festaz eta bertsoez gozatuko dute gabiriarrek, eta gauean zenbait kontzertu ere izango dira. Andre Mari egunean meza nagusia eta txirrindulari igoera, puzgarriak, antzezlana eta beste hainbat ekintza izango dira. Goizaldean, baratzuri zopa janerako elkartuko dira herritarrak.
Abuztuaren 16an, San Roke egunean, dantza emanaldia, sagardo dastaketa eta txistorra lehiaketa eta bola eta toka txapelketa egingo dituzte. Bengo, Dupla eta DJ Latxirongak girotuko dute gaua. Abuztuaren 17an, bola, toka eta tiragoma txapelketa egingo da eguerdian. Jaiei amaiera emateko ardo banaketa eta afaria izango dira plazan. Arratsaldean eta gauean Joselu Anaiak taldearen kontzertua ere egongo da. Abuztuaren 18an, berriz, herri garbitzea eta afari merienda egingo dira.
Zerain
Zerainen ere egitarau bete-betea antolatu dute abuztuaren 14tik 17ra. Abuztuaren 14an festei hasiera emateko kanpai bueltakoak eta pregoia egingo da.
Bazkariak, buruhandiak, apar festa, puzgarriak, pilota partidak, txakolin dastatzea, bola txapelketa, herri kirolak edota kontzertuak izango dira Andre Mari jaietan Zerainen. Abuztuaren 17an amaituko dira festak herri txukuntzearekin eta hamaiketakoarekin.
Zumarraga
Zumarragan ere, abuztuaren 15ean, Andre Mari eguna ospatuko dute. Meza nagusia izango da Jasokundeko Andre Mariaren parrokian goizean. Ohi moduan, mezaren ostean, kaleko ezpata-dantza egingo dute Iparragirre hiribidean, parrokiko sarrera nagusiaren parean.
Itsaso eta Zegama
Itsason zein Zegaman San Bartolome egunaren bueltan ospatzen dituzte herriko jaiak. Itsasoko festak abuztuaren 23an hasi eta hilaren 27an amaituko dira.
Lehen egunean Pilota express txapelketa egingo dute eliza atarian eta ondoren herri afaria ere egingo da. San Bartolome egunean, abuztuaren 24an, meza, toka lehiaketa, ume jolasak, txokolate jana edota Sergio magoa izango dituzte itsasoarrek. Gauean Desgaraia taldearen emanaldiaz gozatu ahalko dute. 25ean mus lehiaketa eta parrillada festa egingo dira beste ekintza batzuen artean. Hilaren 26an mendi bizikleta trabesia egingo dute eta azkeneko egunean, 27an, meza egingo da. 13:00etan, berriz, herriko ondareari buruzko emanaldia egingo da.
Brinkola
Hilaren amaieran San Agustin festak ospatuko dituzte Brinkolan. Abuztuaren 25ean botako dute txupinazoa. Gauean rock kontzertua egongo da eta ondoren DJ-a. Abuztuaren 26an eta 27an ere jai giroa izango da nagusi, ekintza ugarirekin. Horietako batzuk izango dira hauek: marrazki lehiaketa, kantu bazkaria, bolo eta toka txapelketa eta txaranga, erromeria eta kontzertu desberdinak besteak beste. Abuztuaren 28an bukatuko dira festak. Meza egingo da 12:00etan eta ondoren jubilatuen bazkaria.