Arratsaldean itzuliko dira Sorgintxuloko kanpaldikoak
Legazpiko 60 gaztetxok hamabost egun egin dituzte Burgosko Hortiguela herrian. Iristean, kalejira egingo dute Aizkorritik plazara.
Uztailaren 14tik herritik falta diren 90 inguru gazteak gaur itzuliko dira, Sorgintxulo aisialdi taldeak antolatutako hamabost eguneko kanpaldia amaitu eta gero. Burgosko Hortiguela herrian (Espainia) izan dira, eta gaur da azken eguna. Arratsaldean iritsiko dira, eta Aizkorri kaletik plazaraino egingo duten kalejira zaratatsuarekin amaituko dute udako abentura hau.
Sorgintxuloren kanpaldian Legazpiko 12 eta 16 urte bitarteko 60 gaztetxok parte hartu dute, hamabostaldi osoa edo egun solteak igaro dituzten 30 inguru begiralez lagunduta. Era askotako ekintzak izan dituzte egonaldian, ez dute aspertzeko denborarik izan, eta beti giro ona eta euskalduna gailendu da.
Partaideak, gero begirale
Sorgintxuloko arduradunek adierazi dutenez, «gaztetxoak oso gustura ibili dira, eta atsekabetuta daude Legazpira itzuli behar dutelako. Oso ondo pasatu dute, eta asko disfrutatu dute». Lehen aldiz joan direnei kanpalekua eta kanpaldia asko gustatu zaiela nabarmendu dute, batez ere gaztetxoenei, eta beteranoek berriz gozatu ahal izan dute esperientzia horretaz.
Azken urtekoak, bestalde, penaz daudela diote, «berriro bueltatzeko aukera ez dutelako izango, begirale bezala ez bada behintzat». Izan ere, kanpaldian parte hartzen duten asko begirale bihurtuta itzultzen dira berriz ere urte batzuetara.
Kalejira eta festak
Kanpaldia gaur bazkalondoren amaituko da Hortiguelan, baina Legazpin ordu batzuetan luzatuko da oraindik. Herrira iristean, Aizkorri kaleko autobus geralekuan jaitsiko dira gazteak, eta kalejira alai eta zaratatsuan joango dira plazaraino, han begiraleei agur esateko. San Ignazio auzoan elkartuko dira berriz ere, gauean, festetan, eta ohiturari jarraituz, denek batera fandangoa eta arin-arina dantzatuko dute.