Malko, Basati eta DrinkKola taldeek joko dute Brinkolako rock kontzertuan
San Agustin jaien barruan izango da kontzertua, abuztuaren 25ean. Amaieran, DJ Woolen ariko da musika jartzen txosnan. Hurrengo egunean DJ Gauparen txanda izango da.
Hiru musika talde dira aurtengo Brinkolako San Agustin jaietako rock kontzertuko gonbidatuak: Oñatiko Malko, Tolosaldeko Basati eta Brinkola, Legazpi eta Asteasuko musikariek osatutako Drinkkola. Kontzertua geltokiko plazan jarriko den karpan izango da, 23:00etatik aurrera, eta amaieran, Woolen Dj-aren saioa izango da txosnan.
Antolatzaileek kontzertura joango diren gazteak izan dituzte gogoan, eta amaieran Legazpira itzultzeko autobus zerbitzua eskainiko dute, doan. 04:00etan aterako da Brinkolatik. Beranduago etxeratzen direnei begira, lehen trena 05:40ean aterako dela gogoratu dute.
Larunbat gauean ere, abuztuaren 26an, izango da gazteentzako musika txosnan, Gaupa Dj-arekin, 23:00etatik aurrera. Legazpira itzultzeko autobusa 03:00etan izango da, eta trenak ere izango dira aurrerago.