Auzoko ereserkia estreinatuz ospatu dituzte San Agustin jaiak Brinkolan
Gaur da Brinkolako zaindarien eguna eta jaietako azken eguna. Auzoko jubilatuei eskaini diote, ohi bezala.
Brinkolako jubilatuek emango diete amaiera aurten San Agustin jaiei, gaur, auzoko zaindariaren egunean bertan. Eguerdian meza izan dute San Agustin elizan, eta ondoren bazkaltzeko elkartuko dira Armuño elkartean, 25etik gora lagun. Hauxe izango da aurtengo festen azken ekitaldia.
San Agustinak ostiralean hasi ziren, eta asteburu osoan zehar ospatu dira. Euria izan dute lagun larunbatean eta igandean, baina horrek ez du zapuztu brinkolarren festa gogoa.
Musika izan da jaietako protagonista nagusietako bat. Ostiralean, arratsaldean txupinazoa jaurti eta gero, Basati, Malko eta Drinkkola taldeek jendetza elkartu zuten gauean geltokiko plazako karpapean, eta festak goizera arte izan zuen gero jarraipena txosnan, DJ Woolen eta Dj Gaupa herritarren saioekin. Larunbateko Elustondo trikitilarien erromeria eta igandeko Trapalata txarangaren saioa ere aipatu behar dira.
Bestela, ohiko ekitaldiak izan dira, horien artean, patata tortilla lehiaketa. Sei bikotek parte hartu dute aurten, eta Carlosek eta Soniak irabazi zuten.













