Gari Ugarte legazpiarra Giro della Lunigiana proban lehiatuko da junior mailako Espainiako txirrindulari selekzioarekin
Europako txapelketa prestatzeko helburuarekin egingo dute Italiako proba. Ugartek hirugarren egin zuen sailkapen orokorrean, abuztu erdialdean Frantzian jokatutako Ronde des Valles biran.

Gari Ugarte Larrea txirrindularia (Legazpi, 2005) junior mailako Espainiako selekzioarekin lehiatuko da Italiako Giro della Lunigiana proban, ostegunean hasi eta igandera arte. Junior mailako txirrindularitzan Italian ospe handia duen proba honetan parte hartuta, selekzioko kideek Europako txapelketarako prestatzea dute helburu. Europako txapelketa irailaren 20tik 24ra bitartean egingo da, Herbehereetako Drenthe eskualdean.
Bellota-Goierri taldeko kide den Ugarterekin batera, Eneko Ortega elgoibartarrak, Adria Pericasek, Alvaro Garciak, Pablo Lospitaok eta Pablo Torresek osatzen dute Espainiako selekzioa. Besa taldeko Ortega Euskadiko txapelduna da pasa den maiatzetik, eta Ugarte txapeldunordea. Ugarte legazpiarrak, bestalde, hirugarren postuan amaitu zuen Frantzian abuztu erdialdean jokatutako Ronde Des Valles biran, Gipuzkoako selekzioarekin lehiatuta. Iaz, bestalde, Legazpiko ziklo kros proba irabazi zuen.