Irailaren 8an egingo dute legazpiarrek ohiko erromesaldia Arantzazura
Udalak autobusa antolatu du bertara joateko. Bazkaria ere izango da Arantzazun bertan, pandemiagatik hiru urtez etenda egon eta gero.

Legazpiarrek irailaren 8an egingo dute ohiko erromesaldia Arantzazura, eta udalak autobusak eta bazkaria antolatu ditu joan nahi duten herritarrentzat. Autobusa doan izango da, eta bazkaria norberak ordaindu beharko du.
Bi autobus zerbitzu izango dira erromesaldiaren egunean. Lehena, Udanaraino izango da, Kataberatik gora oinez joango direnei zuzenduta, eta 07:30ean abiatuko da Saturnino Telleriako biribilgunetik. Oinezko bidea egiten dutenentzat hamarretakoa udalaren kontura izango da, salda eta txorizoa, hain zuzen, eta Amabirjinaren iturria deitzen den parajean banatuko dute.
Bigarren autobusa 11:00etan aterako da Legazpitik, eta Arantzazuraino izango da, hori ere doan.
Autobusean joan nahi dutenek izena eman behar dute udaletxean.
Bazkaria eta itzulerako autobusa
Pandemiagatik etenda hiru urtez egon eta gero, aurten herri bazkaria antolatu du berriez ere udalak, Arantzazun bertan. Txartelak udaletxean erosi behar dira.
Itzultzeko autobusa 17:30ean aterako da Arantzazutik.