Asteburuan hasiko dute lehia Oianguko palariek
Gipuzkoako Larruzko Paleta jokatuko da. Zazpi bikotek parte hartuko dute. Aurten ere 20 lizentziadun pilotari izango ditu Oianguk.
Herriarteko txapelketako Oianguko palari taldea. Aratz Elortza, Aitor Gonzalez, Mikel Samaniego, Aitor Luzuriaga, Zuhaitz Letamendia eta Aitor Otegi, maiatzean, Beti Alai pilotalekuan.//Oiangu PE Asteburuan hasiko dute lehia Oiangu Pilota Elkarteko palariek. Pasa den ikasturteko taldeari bi gazte berri gehituko zaizkio oraingoan: Peru Ormazabal lazkaotarra eta Josu Oiarbide zegamarra. Hala, Oianguk aurten ere 20 lizentziadun pilotari izango ditu kantxaratzeko prest. Asteburuan Gipuzkoako Larruzko Paleta txapelketarekin hasiko dira partida ofizialak.
Bertan zazpi bikotek parte hartuko dute, hirugarren mailan hiru bikotek, bigarren mailan bakarrak, eta lehen mailan beste hiru bikotek. Txapelketako lehen jardunaldian ohikoa den bezala, klub bereko bikoteek elkarren aurka jokatuko dute. Olaberriko udal pilotalekuan jokatuko dira biak. Gaur, 19:30ean, lehen mailako Ibarguren-Etxeberria bikoteak Irastorza-Letamendia bikotearen aurka jokatuko du. Bihar, berriz, 19:00etan, 3. mailako Naldaiz-Elorza bikoteak Gonzalez-Samaniego izango du aurkari.
Beste hiru bikoteek kanpoan hasiko dute denboraldia. Bihar, Debako Aldats pilotalekuan Ormazabal-Oiarbide bikotea estreinatuko da, eta Donostiako Altza auzoan, Otegi-Andonegi bikoteak partida zail batekin ekingo dio txapelketari. Larunbatean izango dute Oiangukoek azken partida. Ropero-Luzuriaga bikoteak Azpeitiako Betharram pilotalekuan jokatuko du.
Eskola martxan
Umeentzako eskola aurten ere martxan izango du Oiangu elkarteak. Asteazkenetan 18:00etatik aurrera eta ostiraletan 17:00etatik aurrera izango dira entrenamenduak. Hilaren amaieran hastea aurreikusi dute.













