Lazkaon baserria kalera
Hamar baserritako abereak jarriko dituzte erakusketan, igandeko XI. Basherri Eguneko azokan. Nekazari produktuen salmenta-postuak ere izango dira, bai herriko eskulangileak ere.

Lazkaoko XI. Basherri Egunak lehen sektorearen eta baserri munduaren lagin bat erakutsiko du, igandean, kalean. Goizean hamarretan hasita, erakusketak eta azoka izango dira, herriko baserritarrek antolatu eta udalak bultzatutako urteko hitzorduan.
Hamar baserrik parte hartuko dute animalien erakusketan. Ohiko aziendak egongo dira, gutxi-asko, ikusgai: zaldiak, behiak eta txahalak, astoak, ardiak eta bildotsak, behorrak, txerriren bat, antzarak… ekarriko dituzte plazara.
Salmentari dagokionez, Isidro Sukia gaztarekin, Intzartzukoak (gazta) eta Iztueta (esnekiak) egongo dira azokan. Iztuetagarako Euxebio Garmendiak ere mahai bat jarriko du, baserriko produktuekin eta haiekin prestatutako jatekoekin.
Artzain txakur eta eskulan
Artzain txakurra desagertzen ari dela eta, Imaz Zaharra baserrian horren alde lan egiten duen Euskal Artzain Txakurren Adiskideak taldea dago kokatuta. Informazio-panelak jarriko dituzte.
Herriko eskulangileek ere presentzia aipagarria izango dute. Azki emakume taldeak (ehoziriak), Peito Cancelo, Leire Velasco eskulangilea (denda ireki berri du), Juani Paniagua (Gure Galtzerdia), Maider Urretabizkaia (margoak) eta taila ikastaroko ikasleak jarriko dira.
San Migel afariko lekuak
Irailaren 29 gauean, plazako frontoian herri afaria izango da, San Migel ospakizunen barruan. Urtero bezala, udalak jarriko ditu mahaiak eta aulkiak. Astelehenean 09:00etan hasiko dira mahaien erreserba-txartelak ematen, udaletxean
Igandea, irailak 24
- 10:00. Azoka, eskulangileen erakusketa eta abere postuen irekiera.
- 13:00. Bi saskikada janari, eta baserrietan erosketak egiteko bonuen zozketak (hiru bonu, 105 euroko balioa dutenak).
- Goiz osoan. Musika eskolako trikitilariak. Sagardo eta pintxo salmenta, ikastolako ikasleek.
Beasainen hasi eta bukatuko den Josetxo Imazen Oroimenekoa krosa ere igaroko da.