Aldi Baterako Lan Erregulazioa ezarri du Bellotak, enpresa batzordearekin adostu gabe
Langile batzordeak enpresaren "intransigentzia" salatu du, eta mobilizazioak egiten hasi da.

Legazpiko Bellota Agrisolutions enpresako zuzendaritzak Aldi Baterako Lan Erregulazioa (ABLE) ezarri du, enpresa batzordearekin akordioa lortu gabe. Ekoizpen arrazoiak argudiatu ditu enpresak erabaki hori hartzeko.
Langilen batzordeak enpresaren “intransigentzia” salatu du, eta nabarmendu du, azken urteetan “aparteko irabaziak” izan ondoren, plantillaren eta erakunde publikoen gain “kargatzen” duela salmenten jaitsiera.
“Aurreko urteetan esponentzialki handitu dira salmentak, eta egoeraren araberako atzerakada baten aurrean gehiegizko malgutasun-mekanismoak ezarri nahi ditu”, adierazi du langile batzordeak ohar bidez. Hori dela eta, enpresa batzordeak mobilizazioak eta elkarretaratzeak egiten ari da enpresaren jarrera salatzeko.
Bellota Agrisolutions enpresak 250 langile ditu, eta nekazaritzako makineriarako piezak fabrikatzen ditu.