Ordizia Rugby Elkartearen 50. urteurreneko ospakizunak hasteko, harrera udaletxean
Bihar, I. Beteranoen Topaketa eta Eibar RTren eta CD Pingüinos-en arteko partida izango dira Altamiran, eta afari herrikoia gauean. Afarirako sarrerak Kukuarri tabernan daude salgai.

Ordizia Rugby Elkarteak 50 urte bete ditu aurten. Zehazki, urriaren 28an jokatu zuen Ordiziako lehenengo errugbi taldeak lehen partidua, Ordiziako Mendizale Elkarteko talde bezala, garaiko Irungo errugbi taldearen aurka. Urteurrena ospatzeko hainbat jarduera antolatu ditu klubak urte honetarako, eta gaur eman diete hasiera ospakizunei, sorreran parte hartu zutenei harrera eginda, udaletxean.
Koro Bosque OREko presidenteak, klubeko ordezkari nagusi gisa, oroigarria jaso du Adur Ezenarro Ordiziako alkatearen eskutik. Ezenarrok errugbiak 50 urtez herrian zabaldutako errespetu eta berdintasun balioak azpimarratu ditu, eta eskerrak eman dizkio klubari udalaren izenean herriari eskainitakoagatik. Ondoren, historikoki klubean parte hartutako jokalari, entrenatzaile, lehendakari, zendutakoen familiartekoek, sorreran laguntza eman zuen Ordiziako Mendizaleak Elkarteak zein aurten 50 urte bete dituzten Ordiziako Txistulariek jaso dute oroigarri bana, presidentearen eskutik. Harreraren ostean, errugbiaren kulturari eta euskal errugbiaren bilakaerari buruzko hitzaldia izan da. OREren bilakaera islatzen duen argazki erakusketa ere jarri dute Barrena kultur etxean.
Bihar jarraituko dute ospakizunek, I. Bosteko Beterano Topaketa egingo da Altamira estadioan. Emakumeen partida ere izango da, Eibar RT-ren eta CD Pingüinos-en artekoa.
Biharko egitaraua:
- 9:00-9:30. Jokalariei eta lagunei harrera Altamiran eta jokalarien akreditazioa.
- 9:30-13:00. Sailkapen partidak Altamirako bi zelaietan.
- 13:00-13:30. Anaiarteko bermuta.
- 13:30-14:45. Bazkari xumea, Altamirako aparkalekuan.
- 14:45-15:45. 14 urtez azpiko partida. Ordizia-Arrasate.
- 15:45-16:15. Patxanga partida.
- 16:15-16:45. Finala.
- 17:30-19:00. Eibar RT-CD Pingüinos.
- 19:00-20:00. Sari banaketak.
- 20:30-21:30. Errugbikalejira Ordiziako kaleetan.
- 21:30-23:00. Afari herrikoia Beti Alai pilotalekuan. Sarrerak Kukuarri tabernan daude salgai.