Zeraingo Energia Komunitatea ezagutzera eman dute udako ikastaroan
Andoni Alustiza ZerainLabeko kideak eman du hasi berri den proiektuaren berri, 'Herri txikiak aurrera begira: energia burujabetzarako ideiak, ekimenak eta balioak' udako ikastaroaren barruan. Herrian energia komunitate bat sortzeko aurreneko pausoak eman dituzte.

EHUko udako ikastaroetako bat Zerainen egin dute, gaur, ZerainLabek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatuta. Herri txikiak aurrera begira: energia burujabetzarako ideiak, ekimenak eta balioak izeneko ikastaroa Zeraingo elizan egin da. Energia burujabetza oinarri, sei hitzaldi eskaini dituzte aditu ezberdinek. Tartean, Zeraingo Energia Komunitatea ezagutzera eman du Andoni Alustiza Etxaluze ZerainLabeko kideak.
Hasi berri den proiektua da Zeraingo Energia Komunitatea, ZerainLaben eta Erosketa Taldearen ekimenez. Elkarlanean “komunitate jasangarriago bat” lantzeko asmoz, aurreneko lanketak egiten hasi dira, Alustizak azaldu duenez. Energia arloa lantzeko elkartea eratuko lukete, eta kooperatiba izaera ere emateko aukera landu dute. Gaurko hitzaldian egin ditzaketen aktibitateen berri eman dute: autohornikuntza eta esperientzia partekatua, eraginkortasun energetikoa, argindarra, egurra, gas eta instalakuntza erosketa elkartua zein mugikortasun partekatua sustatzea, besteak beste.
Hasierako helburu bezala zehaztu dute energia fotovoltaikoen hornikuntza sustatzea. Hala, plakak ezarri litezkeen lekuak aztertu eta landu ondoren instalakuntzak jartzeko kokalekuak adostu dituzte. Energia komunitaterako talde sustatzailea ere sortu dute dagoeneko. Asier Larretxea energia berriztagarrietan aditua dute alboan aholkulari bezala, eta 20 familia balizko kooperatibako kide izateko prest agertu dira. Proiektuaren oinarria herritarren arteko “elkarlana” dela azpimarratu du Alustizak.
Beste bost hitzaldi
Goizeko 9:00etatik 14:00etara izan da Zeraingo ikastaroa. Ion Muñoa Errasti ikastaroaren zuzendariaren aurkezpenaren ondoren, Iñigo Ansola Kareaga Energiaren Euskal Erakundeko zuzendariak Energia trantsiziorako erronkak Euskal Herrian hitzaldia eskaini du, eta Jose Antonio Rekondo Oreki Fundazioko historialariak energia burujabetza eta auzolana izan ditu hizpide gero. Atsedenaldiaren ostean, trantsizio energetikoko aholkularia den Asier Larretxea Borjak energia komunitateen aukeren, erronken eta kontraesanen inguruko mintzaldia egin du, eta Goiener-eko Leire Ugartek energia arloko esperientzia aurreratu eta eredugarriak plazaratu ditu. Amagoia Barandiaranek Ekiola ekimen publiko-pribatua aurkeztu du, eta bukatzeko, Andoni Alustizak Zeraingo energia komunitatearen inguruko aurrerapausoak eman ditu ezagutzera.