Ampo Ordizia, "esfortzua, konpromisoa eta errespetua" zelairatzeko prest
Igandean Ohorezko Mailako lehen partida jokatuko du Ampo Ordiziak, Altamiran, Pasek Belenos-en aurka. Gaur denboraldia aurkeztu dute Ordizia Rugbyko eta Ampoko ordezkariek. Play offetan sartzeaz aparte, errugbiaren balioak sendotzea eta taldea egonkortzea du helburu lehen taldeak.
Ordizia Rugby Elkarteko lehen taldeak, Ampo Ordiziak, igandean hasiko du Ohorezko Mailako 2023/2024 denboraldia, Altamiran, 12:00etan. Liga erregularreko lehen partida izango da, Pasek Belenos RC taldearen aurka. Gaur eguerdian denboraldi berria aurkeztu dute Ampoko bulego nagusietan. Aurre-denboraldiko lanak eginda, “konpromisoa, esfortzua eta errespetua” zelairatzeko eta astez asteko lanketa egiteko prest daudela agertu du Federico Gallo Ampo Ordiziaren entrenatzaileak.
Denboraldi berriari “ilusio handiarekin” ekingo diote, hasiera izateaz gain, aurten klubak 50 urte bete dituelako. “Urte berezia da klubarentzat, lan taldeak esfortzu handia egin du, eta herriaren eta jarraitzaileen babesa nabari dugu”. Zelaian islatu nahi dituzten balioetan jarri du azpimarra entrenatzaileak, aurten “lanketa sakona” egin baitute horren inguruan: “Familia, konpromisoa, gozamena eta, batez ere, errespetua. Lehenengo aukera igandean izango dugu”.
Batetik, playoff-ak jokatzea izango du helburu Ampo Ordiziak, Gallo-ren esanetan, “aurreko denboraldian baino anbiziotsuagoak izateko”, eta bestetik, “aste bakoitza bakarra balitz bezala” bizitzea. “Oinak lurrean izanda, pertsona hobeak eta jokalari hobeak izateko lan egitea egunero, bakarka hasi eta kolektibora eramanda, eta horrek emaitzak ekarriko ditu”.
Talde berritua izango du Ampo Ordiziak, jokalari batzuek agur esan dutelako eta beste batzuk etorri berri direlako. Espainia mailako talentu batzuk gehitu dira taldera, eta klubak apustu egin du Euskal Herriko jokalarien alde. Hala, Julen Goia kapitainak “taldearen egonkortzean” jarri du fokua. “Taldea gogotsu dago, lan handia egin dugu aurre-denboraldian. Oinarriak egonkortu behar ditugu, eta gogo guzti horiek norabide onean eta norabide berdinean joan behar dute”. Ohorezko Mailan euskal talde bakarra izango da Ampo Ordizia.
Eskola kirola, inklusioa eta berdintasuna
Errugbiaren eta Ordizia Rugby Elkarteak islatu nahi dituen balioetan jarri dute azpimarra gaurko aurkezpenean. Aritz Irastorza Ampoko kontseilu errektoreko lehendakariak Ordizia Rugby Elkartea zoriondu nahi izan du 50. urteurrenaren harira, eta garaipenak ez ezik, klubaren “sakrifizioa, elkarlana, eta berdintasunaren eta inklusioaren alde emandako pausoak” goraipatu ditu. Bide beretik, Goia kapitainak lehen taldea “iceberg-aren punta” dela nabarmendu du, horren atzean klubak azken urteetan egindako lana dagoelako. “Goierri behean 2000 haurretik gora jolastu zuten zapi errugbian iaz, eta Goierri garaian hirugarren urtea da 1000 haurrek jolasten dutela zapi errugbian. Kirol hau zer den eta zer ematen duen erakusten ari gara”.
Azken urteetan ahalegin handia egin du Ordizia Rugby Elkarteak nesken taldearen proiektua sendotzeko. Koro Bosque presidenteak azaldu duenez, aurten “nesken taldea lantzea eta bultzada ematea” izango da erronka. Denboraldi honetan Bera Bera-Ordizia izenpean jokatuko dute neskek, Ordiziako eta Bera Berako neskez osatutako taldea baita. “Proiektu polita hasi dugu, nik uste dut epe ertainean egonkortasuna eta tokia izango duela taldeak”. Errugbi inklusiboa landu zuten pasa den denboraldian, eta aurten ere lanketa horrekin segitzeko asmoa dute.
Urriaren 28ko ospakizunak
Ordiziako lehenengo errugbi taldeak urriaren 28an jokatu zuen lehen partida duela 50 urte. Aurten, urriaren 28an etxean jokatuko du Ampo Ordiziak, Altamiran. Urteurreneko data zehatza aprobetxatuta, ospakizun berezia egingo dute egun horretan. Haurren partidak, emakumeen partidak eta bazkaria izango dira, eta arratsaldean Ohorezko Mailako ligako partida. “Guk irabazi nahi dugu, baina berdin-berdin ospatuko dugu. 50 urte ez dira egunero betetzen”, esan du Bosquek.