Eliza aldea eta ikastola lotuko dituen oinezkoen zubia kokatu dute Lazkaon
Ikusmin handia piztu du altzairuko pieza kokatzeko lanak. Goizean ekarri dute 28 metro luzeko eta 40 tona pisuko pasabidea. Garabi handi batekin ipini dute Agauntza errekaren gainean.
Lazkaoko San Migel eliza ondotik San Benito ikastola aldameneko kalexkara igarotzeko pasabidea kokatu dute, gaur goizean. Herritar ugari elkartu da Zelaian, piezaren tamaina eta kokatzeko zehaztasuna ikusgarriak izan baitira. Aurreikusita bezala, eta ezustekorik gabe, Agauntza errekaren bi aldeak batzeko jarri dute.
Goizeko hamarrak aldera iritsi da, garraio berezi batean, zubia. Corten altzairuzko pieza bakarra da: luzeran 28 metro da, eta 40 tonako pisua du. Gruas Usabiaga enpresak egin ditu garraio eta garabi lanak. Tona askotako garabia muntatu behar izan dute elizatariaren alboan –beste bi trailer behar izan dituzte haren kontrapisuak eta kable-bobina ekartzeko–.
Altzairuzko pasabidea Errioxako (Espainia) altzairutegi batean egin dute, eta ostiralean atera zen lantegitik. Asteburua Olaztin igaro du, kamioiaren gainean, eta goizean iritsi da Lazkaora.
Zubia eraikitzeko lanen esleipena Iparragirre enpresak dauka. Garabiak lau heldulekutatik lotuta altxatu du pasabidea, eta minutu gutxitan etzan du errekaren alde banatako oinarrietan. Galtzada-harriz estaliko dute altzairua, eta led motako argiteria jarriko diote. 296.000 euro gehi BEZa erabiliko du Lazkaoko Udalak, proiektua gauzatzeko.
Udalak aurreratu duenez, Hiribarren-Iturgaitzaga eremua plaza aldearekin komunikatzeko balioko du zubi berriak. Oinezkoentzat soilik izango da. Bestetik, Agauntza errekak herriarentzat “elementu integratzaile gisa duen garrantzia” handitzeko balioko duela gehitu du. Etorkizunean, elizaren ertzetik pasealekuari beherantz jarraipena emateko egitasmoak badira.
Argazkiak: Aimar Maiz