Euskara doan ikasteko laguntzak bideratuko ditu udalak
HABEk homologatutako edozein euskaltegitan matrikulatuz gero, herritarrek euskara doan ikasteko aukera izango dute, zenbait baldintza betetzen badituzte. Ordizian erroldatuta ez daudenek ere matrikularen %85 jasotzeko aukera izango dute.
Euskara doan ikasteko laguntzak bideratuko ditu Ordiziako Udaleko Euskara Sailak. HABEk homologatutako edozein euskaltegitan matrikulatuz gero, herritarrek euskara doan ikasteko aukera izango dute diru laguntzei esker. Matrikularen %100 itzuliko zaie ordiziarrei, zenbait baldintza betetzen badituzte, asistentzia adibidez. Urteko gehienez 500 euro izango dira, eta barnetegietarako, 650 euro.
Ordizian erroldatuta ez daudenek ere matrikularen %85 jasotzeko aukera izango dute ikasturte amaieran, baldin eta udalarekin hitzarmena sinatuta duten Ordiziako enpresetako, dendetako eta tabernetako langileak eta kirol elkarteetako entrenatzaileak badira. “Euskaraz bizi nahi dugu, eta euskararen erabilera eta jakintza sustatzea lehentasuna dira guretzat. Horregatik, aurten ere hainbat diru laguntza bideratuko ditugu euskararen erabilera bultzatzera, bai maila hobetu nahi dutenentzat, baita euskaraz lehen hitzak ikasi nahi dituztenentzat ere”, azaldu du Marta Ortega euskara zinegotziak. Diru laguntzak ikasturtea edo dagokion ikastaroa amaitu ondorengo bi asteetan eskatu behar dira.
Ortegak azpimarratu du “euskara ikastea bezain garrantzitsua” dela erabiltzea, eta horretarako “aukera paregabea” dela Mintzalaguna egitasmoa. Hitzaro euskara elkarteak bideratzen ditu Mintzalaguna egitasmoko saioak. Parte hartzeko izen-ematea urrian ere zabalik egongo da, hitzaro@gmail.com helbide elektronikoan edo 943 162 366 edo 609 81 80 17 telefonoetan.