Ioritz Berra alkatea Udalbiltzako batzorde eragileko kide da
Ostiralean egindako kontseilu nagusian izendatu zuten agintaldirako zuzendaritza talde berria. Zortzi hautetsien artean dago Zaldibiako alkatea.
Udalbiltzak ostiralean Usurbilen (Gipuzkoa) egindako batzar nagusian batzorde eragile berria aukeratu zuen. Batzordeko kide izendatu dute Zaldibiako alkate Ioritz Berra. Getariako alkate Haritz Alberdi izango da lehendakari. Zortzi hautetsik osatuko dute Batzorde Eragilea, hasi berri den agintaldi osorako.
Honakoek osatuko dute talde: Haritz Alberdi (Getariako alkatea), Begoña Enbeita (Muxikako alkatea, eta Udalbiltzako lehendakariordea), Ioritz Berra (Zaldibiako alkatea), Andoni Lariz (Ziortza Bolibarko alkatea), Garazi Urdanpilleta (Oiartzungo zinegotzia), Agurtzane Solaberrieta (Usurbilgo alkatea), Karlos Renedo (Bilboko zinegotzia) eta Iban Verdugo (Etxarri Aranatzeko zinegotzia).
Kontseiluaren ondoren, ordezkari kargu hartu berriek jakinarazi zuten gogoeta-fase batean sartuko dela orain Udalbiltza, eta “aldaketak” datozela. “Aro bat” hasi nahi dute. Udalbiltza Partzuergoa osatzen duten kideekin batera zehaztuko dituzte Udalbiltzaren funtzioak, “gaur egungo beharrei egokitzeko asmoz”. Datorren urtearen hasieran aurkeztuko dituzte eztabaida horren fruituak.