Bele Gazte Gaztelekuak lokal berria du
Larunbatean zabalduko dute berriz gaztelekua, eta urritik abendura arteko ekintzak prestatuko dituzte.
Larunbat honetan emango diote Zegamako nerabeek hasiera ikasturte berriari Bele Gazte Gaztelekuan, eta ekintza eta proposamen berrietatik haratago joan dira, lokal berria estreinatuko baitute. “Orain arte gaztelekua zena txiki geratu da horrenbeste neraberentzat, eta lokal berria utzi digu udalak”, dio Ainitze Azurmendi udaleko gaztedi sustatzaileak.
12 eta 18 urte arteko nerabeentzat eskaintzen dute zerbitzua, eta 2010ean ireki zuten lehenengoz. Gaur egun Zegaman adin tarte horretako 120 nerabe inguru daude, eta horietako asko joaten dira bertara. Hezitzaile bat egoten da gaztelekuan, eta Azurmendirekin aritzen da elkarlanean.
Larunbat arratsaldeko bostak aldera elkartu eta meriendatzen duten bitartean urritik abendura arteko ekintzen plangintza egingo dute. Azurmendirentzat garrantzitsua da nerabeen iritzia eta onespena izatea, “larunbatero eta opor garaietan ekintza bereziak” antolatzen baitituzte guztien artean.
Nerabeekin elkarlanean jarduten badute ere, Azurmendik dio badituztela erronka batzuk oraindik ere: “Ekipamendu berriak lokal berrira egokitzea, nerabeen parte hartzea suspertzea, nerabeen arteko harremanak sustatzea, euskara eta berdintasuna uneoro aintzakotzat hartzea eta herrian gaztelekua ikusgarri egitea”, besteak beste.
Bele Gazte ostiral eta larunbatetan irekitzen dute: 17:00etatik 20:00etara ostiraletan, eta 16:30etatik 20:30etara larunbatetan. Ugarte Zelai 12n dago lokal berria.