Gaur, 80 urtetik gorako legazpiarren festa eguna
Azokan 164 pertsona nagusi elkartu dira bazkaltzeko eta festa ospatzeko. Bazkalondoan Alaitasuna errondailaren emanaldia izan da.
Legazpiko Udalak eta Nagusilan eta Buztintegi elkarteek antolatuta, 80 urtetik gorako legazpiarrek festa eguna dute gaur. Eguerdian hasi da festa, parrokiko mezarekin. Ondoren, 164 legazpiar nagusi elkartu dira bazkaltzeko Azokan, hainbat boluntariorekin eta laguntzailerekin batera.
Bazkaltzen hasi aurretik, ohitura den moduan, bertaratutako nagusienei –aurreko edizioetan omenduak izan ez direnei– omenaldia egin zaie. Aurten, 95 eta 85 urteko Ignacio Lopez eta Maria Teresa Juaristi senar-emazteei, 91 urteko Felix Gastañaresi eta 93 urteko Tere Lizarralderi egin diete omenaldia, eta lore sortak eta beste opari batzuk jaso dituzte Eric Galvez alkatearen eta Jesus Santurde zinegotziaren eskutik. Aurreskua dantzatu diete ondoren, eta taldeko argazkia atera eta gero, bazkariari hasiera eman diote.
Bazkalondoan festak aurrera jarraitu du, Alaitasuna Errondailaren emanaldiarekin.