Ordiziar bat hil da Espainian, zezen batek adarkatuta
Kaleko entzierro bat hesitik ikusten ari zela, zezen batek lepoan sartu zion adarra, asteazkenean. Bi egun larri egon ondoren, ostiralean hil zen 60 urteko gizonezkoa.
Ordiziako 60 urteko gizonezko bat hil zen, atzo, Valladoliden (Espainia). Asteazkenean, Olmedo herriko kaleko zezenketa bat ikusten ari zela izan zuen ezbeharra. Hesiaren atzetik zegoen, baina hobeto ikusteko burua aurreratu zuenean, etortzen ikusi ez zuen zezen batek adarkatu zuen. Lepoan sartu zion adar punta, eta karotida-arteria ebaki. Zezen plazako klinikan berehala artatu zuten, eta helikopteroz eraman zuten ospitalera, baina bi egun geroago, ostiralean, Valladolid hiriko Ospitale Klinikoan hil zen.
Jose Javier Gonzalez da hildakoa, ordiziarra eta Olmedo herriko jatorria zuena. Festetako lehenengo entzierroan izan zen ezbeharra. Olmedoko Udalak hiru eguneko dolua ezarri du.