Txirrindulari tropela Legorretako mendietan
Xendapedalak mendi bizikleta martxaren laugarren ekitaldian 125 lagun irten dira. Bi ibilbidetan, Legorreta eta inguruko basoak eta mendiak ezagutuko dituzte.
Elizako kanpaiak bederatziak jo orduko, udaletxeko balkoitik suziria leherrarazi, eta erritmo pausatuan abiatu dira 125 txirrinduzale, gaur, Legorretako plazatik. Xendapedalak mendi bizikleta martxaren 4. ekitaldia antolatu du Pikuk kirol klubak, eta “arrakastatsua” izan da deialdia. Leitzan (Nafarroa), Araian (Araba) eta beste leku batzuetan ere antzeko kirol probek bat egin duten arren, Euskal Herriaren luze-zabaletik inguratu dira txirrindulariak Legorretara.
Guztira, 125 lagun irten dira. Gehienak gipuzkoarrak eta goierritarrak –tartean Legorretako bertako 11 lagun–, eta baita Bizkaitik, Arabatik eta Lapurditik etorritakoak ere. Ez da lehiaketa, martxa baizik, eta lagun artean kirola eginez, Legorretako eta inguruko herrietako bazterrak eta gainak ezagutzeko aukera emango die Xendapedalen zeharkaldiek.
Bi ibilbide dituzte, aukeran. Legorretan biratxo bat osatu, eta Ajoaindik berehala aldapan gora Legorretazar eta Santamañako bidetik eskuinera jota, Itzaleta gainera (519m) igo dira. Antenatik Koate aldera joan, AHTren tunelera irten, eta Uranganetik herrira itzulita osatu dute guztiek batera lehen partea, 10 bat kilometrokoa.
Bikoiztu egin da orduan proba: ibilbdeko motzekoek Urdanetako aldapa igo eta San Joan iturritik Gaintza alderaino iritsi, eta Urdanetara buelta hartuko dute. 20 kilometro eta 900 metroko desnibel metatua pilatuko zaie haiei.
Luzekoek, aldiz, Urdanetatik Baliarrain aldera hartu, eta San Joan iturrira beste pista batetik iritsiko dira. Gaintzatik Altzagaratera, Urdaneta, Sarasola, Gaikao eta kalean helmuga izango dute, 28 kilometro eta 1.300 metroko desnibel positiboa gaindituta. Bi anoa-gune prestatu ditu Pikuk taldeak: Urdanetan (11. kilometroa) eta Bostaitzetan (18. km).
Azken egunetan aldaketak egin behar izan dituzte ibilbidean, baso-ateratze lanengatik zenbait eremu saihesteko. Eguraldia lagun dute, 20 graduko tenperatura atseginarekin eta lehorrarekin abiatu baitira. Kazetari asiar batzuen presentzia ere bitxitasuna izan da, grabaketa-ekipo bateko hiru lagun ibili dira.
Argazkiak: Aimar Maiz