Legazpi Loratzen egitasmoa jarri dute martxan, belaunaldiartekotasuna ardatz hartuta
GizarteLab esperimentazio sozialeko laborategiak gauzatuko du jarduera. Herriko toki batzuk apaintzeko plastikozko loreak egingo dituzte hainbat tailerretan, belaunaldi desberdineko legazpiarrak elkartuz.
Legazpiko Udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera belaunaldien arteko harremanak lantzeko garatzen ari den egitasmoaren barruan, Legazpi loratzen izeneko jarduera antolatu dute. Dekorazio jasangarria sortzeko belaunaldien arteko saioak edo tailerrak izango dira, eta hilaren 23tik azaroaren 3ra bitartean egingo dira, Gizarte Zentroan.
Legazpin 2019an martxan jarritako GizarteLab esperimentazio sozialeko laborategiak gauzatuko duen jarduera da. Hurrengo urteetan eraldaketa demografikoak eta populazioaren zahartzeak eragingo dituzten erronkei aurre egiteko herritarrek garatu behar dituzten gizarte gaitasunak lantzeko sortu zen GizarteLab, eta bide horretan, Legazpiko kideak aspalditik ari dira hausnartzen Gizarte Zentroak belaunaldi ezberdineko pertsonen topaleku gisa duen funtzioaz. Hausnarketa hori praktikara ere eraman dute, eta joan den abenduan belaunaldien arteko lehiaketa gastronomikoa egin zuten lehen aldiz; larunbat honetan, hilak 21, izango da bigarren edizioa, emaitzak onak izan zirela baliatuz. Legazpi loratuz egitasmoarekin, berriz ere elkartu nahi dituzte belaunaldi desberdineko legazpiarrak, oraingoan eskulanen eta birziklapenaren inguruan, eta dibertsioa eta esperientzien partekatzea ardatz hartuta.
Lan saioak hurrengo astelehenean hasi eta azaroaren 3ra arte egingo dira, Gizarte Zentroan bertan. Tapoiak dituzten plastikozko koloretako botilak erabilita, udalerriko hainbat toki apaintzeko loreak egingo dituzte partaideek. Eskulan horretarako behar diren koloretako plastikozko botilak ostalaritza establezimenduetan eta ikastetxeetan biltzen ari dira ostiralera arte. Tailerrak amaitutakoan, azaroaren 11n jarriko dituzte loreak “jai giro ireki eta parte-hartzailean”. Herritar guztiak daude gonbidatuta.