Andraitz saskibaloi klubaren ereserkia aurkeztu du bandak
Gure Andraitz maitea du izenburua, eta Jesus Castillejok konposatutakoa da. Ereserkia 2011n estreinatu zen, Andraitzek Santikutzetan pregoia irakurri zuenean, baina aurkezpen ofiziala egin gabe zegoen. Atzo izan zen aurkezpen hori, Legazpi Musika Bandaren Udazkeneko kontzertuan.
Legazpi Musika Bandak eta Andraitz klubeko hainbat kidek aurkeztu zuten ereserkia. ARGAZKIA ETA BIDEOA: Tere Madinabeitia Andraitz saskibaloi klubaren ereserkia aurkeztu zuen atzo Legazpi Musika Bandak, eguerdian Latxartegi aretoan eman zuen Udazkeneko kontzertuan. Emanaldiaren amaieran jo zuten pieza bandako musikariek, eta saskibaloi klubeko hainbat kide ere oholtzara igo ziren abestera.
Horrela, ofizialki aurkeztu zuten 2011n Jesus Castillejok Andraitzeko ordezkarien eskariz sortutako ereserkia, Gure Andraitz maitea izenekoa. Castillejok berak azaldu zuen nola sortu zen ereserki hori: “Duela urte batzuk Andraitzeko Javier Iraeta nirekin jarri zen harremanetan jokalarien autobusetako joan-etorriak eta partidetan harmailak berotzeko abesti bat eskatuz”. Eskariari jarraituz, musika konposatuta eta hitzak erantsita, pieza bat sortu zuen bandako zuzendariak, eta 2011n estreinatu zuten saskibaloi klubeko kideek, maiatzeko Santikutz jaietako pregoia irakurri zuten egunean, eta Urolatarrak txarangak interpretatuta. “Baina arrazoi bategatik edo besteagatik, hartan geratu zen guztia, eta urte guzti hauen ondoren, gaur Latxartegira ekartzea lortu dugu, entzun dezazuen eta grabatu dadin, gero autobusean edo kiroldegian partida dagoenean jartzeko”.
Gure Andraitz maitea ereserkiak hiru zati ditu, zortzikoa, kalejira eta murga, eta hauek dira hitzak:
Larogei ta bostean sortu zen Legapin
gazte jende artean talde zoragarri.
Gogoz eta ilusioz Legazpiko herrian
beti alai ta pozik jolasten dabiltza.Beti gurekin beti alai beti pozik jolasten
Saskibaloian talde ederrena gure Andraitz maitea.Andraitz aurrera, Andraitz hoberena,
Andraitz da onena, Andraitz taldeaAndraitz aurrera, Andraitz hoberena,
Andraitz da onena, Andraitz taldeaAndraitz aurrera, Andraitz hoberen,
gure Andraitz maitea













