Arroz esnea izan da garaile belaunaldien arteko bigarren topaketa gastronomikoan
GizarteLab esperimentazio sozialerako Legazpiko laborategiak antolatuta, zazpi taldek parte hartu dute aurten topaketan. Azokan egin zen larunbat eguerdian giro bikaina sortuz.
Belaunadi desberdineko legazpiarrez osatutako zazpi taldek parte hartu zuten larunbat eguerdian Azokan, GizarteLab esperimentazio sozialeko laborategiak antolatutako topaketa gastronomikoaren bigarren edizioan. Arroza prestatu behar zuten taldeek, eta osagai gisa gehienak mariskoa eta arraina hautatu bazuten ere, gozo kontuen alde egin zuten epai mahaiek, eta Alazne Leachek, Asun Arrizabalagak eta Juanjo Zubillagak prestatutako arroz esnea aukeratu zuten irabazle.
Topaketa gastronomikoaren aitzakian giro bikaina sortu zen Azokan, eta jarraipena izan zuen horrek gero Gizarte Zentroan. Hara eraman zituzten prestatutako arroz guztiak eta han eman zuen epaiaren berri epai mahaiak. Partaide guztiak ere Gizarte Zentroan elkartu ziren, eta diploma banaketaren ondoren, arrozak dastatzeko aukera izan zuten, luxuzko postre eta guzti.
GizarteLabekin batera, Buztintegi elkarteak eta Legazpiko Udalak parte hartu zuten topaketa gastronomiko honen antolaketan.