Burdinoletako bizimodua, emakume baserritar batek kontatuta
Urola Garaia Turismoak antolatuta, bisita antzeztua egin zen atzo Mirandaolako burdinolara. Emakume baserritar baten papera hartuta, Amaia Ruiz de Galarreta aktoreak burdin lantegi haietako bizimodua azaldu zien bisitariei.
Mirandaolako burdinola modu berezian ezagutzeko aukera izan da igande honetan, Urola Garaia Turismoak antolatutako bisita antzeztuari esker. Amaia Ruiz de Galarreta aktoreak burdinola baten kargu hartu behar izan zuen emakume baten papera hartu, eta antzinako burdin lantegi haietako bizimodua azaldu zien bisitariei.
Lehen aldia izan da horrelako bisita antzeztua egin dena, eta esperientzia arrakastatsua izan da. Hiru bisita txanda antolatu zituen Urola Garaia Turismoak, eta hiruak bete egin ziren, guztira 75 partaiderekin. Burdinola martxan ikusteko aukera ere izan zuten, eta amaitzeko, ola-pintxoa dastatu zuten.